- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako industria-prezioak %0,7 igo dira 2021eko otsailean aurreko hilaren aldean, Eustatek argitaratutako datuen arabera.

Hori horrela, otsaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakun-tza biltzen duena) % 0,3koa izan dela ere gaineratu dute. “Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen, 2021eko otsailean, honako sektore hauek izan dituztela prezioetako hazkunderik handienak aurreko hilaren aldean: Kokeriak eta petrolioa fintzea (%5,2 gora), Metalurgia eta produktu metalikoak (%1,7) eta Ura eta Botiken fabrikazioa (%0,7)”, azpimarratu dute. Aitzitik, hilabete artean prezioetan jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak honako hauek izan dira: Erauzketa-industriak (%3,4 behera egin duena), Garraio-materialaren fabrikazioa (%1,6 behera) eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (%0,7ko jaitsierarekin).

Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraituz, prezioen aldakuntzek zeinu desberdina dute: energiarenak %3,1 igo dira eta bitarteko ondasunenak %0,8. Ekipo-ondasunen prezioak, aldiz, %0,9 jaitsi dira; kontsumo-ondasunenak, oro har, %0,6 jaitsi dira aurreko hilabetearekin alderatuta, %0,7 jaitsi baita iraunkorra ez den kontsumo-ondasunen azpisektorean eta %0,1 kontsumo-ondasun iraunkorren azpisektorean.

“Urte arteko terminoetan (2021eko otsaila, 2020ko otsailaren aldean), prezio-hazkunderik handienak adar hauetan izan dira: Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (%5,7ko igoera), Botiken fabrikazioa (%4,6ko igoera) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (%3,6ko igoera). Prezioen jaitsierarik handienak, berriz, honako sektore hauei dagozkie: Kokeriak eta petrolioa fintzea (%4,6ko jaitsiera), Erauzketa-industriak (%4,5 behera) eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (%4,0ko jaitsiera)”, ondorioztatu dute adierazitako txostenean.