Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria, Oihaneder Euskararen Etxean izango da gaur Iñaki Martinez de Lunarekin batera. Eragiteko Janzten, gasteiztar euskaltzaleon gogoetarako une eta guneak topaketaren bigarren edizioa ospatuko dute. Topalabe taldeak Berrindartu eta jauzi izeneko txostena landu du eta horren gainean mintzatuko dira biak, "hurrengo hamarkadetan euskararen erabileran jauzi hori lortze aldera eman beharko liratekeen pauso handiak irudikatu eta lehentasunez jorratu beharko liratekeen esparruak identifikatu nahian".

Ba al dugu aukerarik hizkuntzaren biziberritze prozesuan jauzi kualitatiboa egiteko?

-Lehenik eta behin azpimarratu nahiko nituzke bi datu: bata da euskal gizartearen gehiengo zabala euskara biziberritze prozesua sustatzearen aldekoa dela. Bigarrena, egungo erabilera maila %12koa dela. Margen itzela daukagu eta gizartearen nahia aurrera pausuak ematekoa da. Jauzi kualitatiboa posible da, beti ere gizartean jauzi honi emateko helburu argi eta ilusionagarri bat proposatu eta berau partekatzeko gai bagara. Gizartearen nahi horri erantzuteko ardura dugunok, eragile sozial zein erakunde publikoek, erantzukizun handia daukagu jauzi horri bultzada emateko eta modu adostu eta koordinatuan behar diren proposamenak egin eta plangintzak aurrera eramateko.

Gaur Oihaneder Euskararen Etxean izango zara, hain zuzen, 'Berrindartu eta Jauzi' txostenari buruz hitz egiteko. Zer urrats hartu behar dira edo zer egin behar du euskal gizarteak aurrera egiteko?

-Lehenik eta behin, jabetu behar dugu euskararen gaiak aurrera egin dezan gizarte osoaren inplikazioa behar duela biziberritze prozesuak. Euskararen erabilerak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da hiztunek horretarako aukera errealak eta espazio erosoak eskura izatea eta hori horrela izan dadin, gutxienez bere ingurukoak euskara ulertzeko gai direla jakitea litzateke horretarako egoerarik onena. Euskararen ulermena orokortzetik urrun gaude oraindik, baina Erkideko Autonomoan belaunaldi berriek euskaraz badakite portzentai oso handi batean eta ez dago hain urrun ezagutza unibertsalizatzeko helburua, adin batetik beherakoen artean behinik behin. Aurrekoa kontuan izanda, gizarte zabalaren konpromiso eta aurrera pausuak beharrezkoak izango ditugu eta horrexegatik jauzi esanguratsuak elkarrekin emateko euskararekiko sentsibilitate anitzak dituzten herritarrekin konektatu beharra daukagu, bidea elkarrekin egiteko: euskal komunitatearen erdigunean kokatzen garen euskaltzaleekin zein euskara urrunago bizi duten baina aldeko diren herritarrekin egin behar dugu aurrera. Horretarako guztirako, euskal komunitate osoarentzat erosoa den zoru komun bat eraiki beharra daukagu, bertako oinarrizko balioekin konektatuz. Horrez gain, garrantzitsutzat jotzen dugu baita ere azken aldian indarra hartu duten beste gizarte mugimenduekin gurutzatzea, dela mugimendu feministarekin, dela ekologistekin edo giza eskubide oinarrizkoekin lotzen diren mugimenduekin.

Zergatik?

-Kasu askotan balio berak ditugu oinarrian eta mundu hobe baten eraikuntzan ari garalanean, justizia, askatasuna, aniztasuna, berdintasuna... moduko balioak izango genituzke oinarrian eta hortik aurrera bakoitzak bere muineko jendartearentzat balio propioak. Gure kasuan, euskara jendearentzat, euskaraz bizi nahi duen herritar multzoarentzat diskurtso propioa izango genuke eta hurrengo geruzatan beste aldarrikapen eta balioekin batera mundu hobe baten ametsa, euskaraz bizi dena izango litzateke. Horixe litzateke gure ekarpen nagusia.

Uste duzu euskal herritarrak erronkaren bati aurre egin beharko diola jauzi hori lortzeko?

-Erronkaz betetako testuinguruan bizi gara egun eta euskararena ere desafioa da. Hortaz, bai, herritarren aldetik ere beharko litzateke erronkari aurre egitea, bereziki, bakoitza abiatzen lekutik urratsak emateko, bere esku dagoen hori aktibatzeko. Bi erronka aipatuko nituzke, euskaraz egiteko gai denak ahalik eta esparru gehienetan erabiltzeko hautua egitea litzateke erronka, aurreko hizkuntza ohiturei aurre egin eta euskararen aldeko ohitura bere egiteko. Bestalde, euskaraz ez dakiten herritarrak, gutxienez ulertzeko gai izaterainoko lanketan lukete erronka, horrek erabilerari ate berriak irekitzeaz gain, beraiei ere parte aktibo izateko aukerak biderkatuko lizkiekeelako. Herritarrok badugu zer eginik, baina herritarrek bakarrik ezin dutela azpimarratu nahiko nuke era berean. Euskal Herrian badugu euskararen biziberritze prozesuan inplikatuta dagoen gizarte eragileen kapital zabal bat eta euskararen aldekoak diren hizkuntza politika publikoak baita ere. Asko egin dugu azken hamarkadatan, baina asko dugu egiteko aurrerantzean ere eta etorkizunera begira gobernantza kolaboratiboa lagun, eremu berrietan jauzi bat emateko adostasun eta indar metaketa berriak abiatu beharra ikusten dut. Garrantzitsua izango da helburu berarekin eta era koordinatuan lan egitea eta euskalgintzaz haragoko entitate, enpresa, elkarte eta abarrak biziberritze prozesuan parte aktibo izan daitezen eragitea.

Zein da, zure ustez, egun euskarak bizi duen egoera?

-Azken hamarkadatan euskararen ezagutzan eman diren aurrerapausuak ukaezinak dira. Horrez gain, aurrez pentsa ezinak ziren esparruetan ere euskaraz jarduteko, lan egiteko, ikertzeko, ikasteko, gozatzeko, informatzeko... dugu gaur egun. Hala ere, egoera delikatuan dago euskara eta horren adierazle nabarmenena euskararen erabilera baxua da. Hezkuntza sistemaren bidez gure haur eta gazteak euskaradunak izatea lortzen ari gara eta erabakiorra izango da gazte hauek heldu arora heltzean beraien seme alabei euskara transmitituko dioten ala ez. Transmisioan etena badago, gureak egin du. Nola lortu gazte hauek motibagarri eta baliagarritzat jotzea euskararen transmisioan agente aktibo izatea? Era berean, jakin badakigu gazte hauetako asko eta asko eremu ez euskaldunetan hazi direla eta beraien euskaraz mintzatzeko gaitasuna ez dela ona. Nola lagundu beraien gaitasun komunikatiboan sakondu dezaten? Horretarako testuinguru egokia, praktikarako aukera errealak, bizipen positiboak eta etorkizunerako balio gisa ikusi behar dute euskara.

Zeintzuk dira txostenean proposatzen dituzuen lehentasunezko eremuak?

-Bi eremu nagusi proposatzen ditugu eta oso lotuta daude aurrez gazte belaunaldien inguruan aipatutakoarekin. Egungo gazte gehienek eskola bidez eskuratu dute euskara eta portzentai oso handi bat eremu urbanoan bizi da, eskolatik kanpo euskararekin harremanik apenas duelarik. Gazte hauek irabazi nahi baditugu, eskolaz kanpoko aisialdi mundu zabala euskaraz eskaintzea funtsezkoa izango da. Dela eskolaz kanpoko aisialdia, dela kirol eremua, dela ikusentzunezkoen mundu zabal... Horrez gain, euskararen balio praktiko eta funtzionala indartu beharra dago. Ez da posible eskola ibilbide osoa euskaraz egin ondoren enpresa munduan txertatu orduko erdaraz lan egin behar izaten jarraitzea. Arlo sozioekonomikoan eta lan munduan jauzi handi bat eman beharra dago, gazte belaunaldi euskaldun berriei harrera euskaraz egin eta euskaraz lan egiteko aukera eskainiz.

Bizi dugun egoera dela eta, indarra gal dezake euskarak?

-Pandemia egoera honek hankaz gora jarri du gure ingurua, hankaz gora dago mundua eta sekulako ziurgabetasun egoeran gaude. Honelako krisi egoera batetatik ateratzeko eraldaketa sakona beharko da eta etorkizunari aurre egiteko behar diren eraldaketa premiei adi egon beharko dugu euskara munduan ere. Europar Batasunetik Europa erresiliente, digital eta berdea proiektatzen duten haien ordezkariek. Pandemia egoeran elkartasunak eta gizarte sare auto-eratuek berebizitzako garrantzia hartu dute. Nola konektatu ahal dugu euskara behar hauekin? Nola egin euskaraz bizi den komunitatea, krisi egoerari aurre egiteko komunitate indartsuagoa bilakatu? Baditugu balio garrantzitsuak horretarako, tokikotasuna, elkartasuna, kohesio soziala indartzeko ahalmena... Irudimenez jokatzeko eta arriskuak hartzeko garaiak direla esango nuke.

Nola jaio zen 'Berrindartu eta Jauzi' txostena?

-Topalabe taldeak 2015ean argitaratu zuen Berrikusi eta Berrikasi txostenaren segida da Berrindartu eta Jauzi. Orduan euskaltzaletasunaren azken hamarkadatako lanaren inguruko irakurketa egiten genuen eta etorkizunera begirako zenbait gako proposatu genituen: lankidetzaren beharra, zoru komun bat jorratzearen garrantzia... Azken bost urtean aurrerapausu garrantzitsuak eman dira euskalgintzan lankidetzaren eremuan eta alde horretatik indartuta gaudela uste dugu. Berrindartu eta Jauzi txostenarekin, pilatutako indar hori, jauzi garrantzitsu bat emateko baliatzeko proposamenarekin gatoz.

"Euskal gizartearen gehiengo zabala euskara biziberritze prozesua sustatzearen aldekoa da"

"Pandemia egoera honek hankaz gora jarri du gure ingurua, hankaz gora dago mundua eta ziurgabetasun egoeran gaude"