- "Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentro Atariak, guztira, 38.059 bisitari hartu ditu 2020an; hau da, aurreko urtean baino % 57,56 gutxiago. Iazko ekitaldian izandako bisitari kopurua positibotzat jo behar da, kontuan izanik pandemiaren testuingurua eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak zentrorako bisitak seguruak izatea bermatzeko hartu zituen segurtasun-neurriak. Kopuru horrek berriz ere frogatzen du Ataria baliabide ezaguna bilakatu dela, eta hiriko biztanleek zein zentroa bisitatzen dutenek baloratu eta erabiltzen dutela".

Hitz horiekin azaldu zuten atzo Gasteizko Udaletik Atariak 38.000 bisita baino gehiago izan zituela iaz. Gainera, txostena egin ondoren bi ondorio garrantzitsu atera dituzte: alde batetik, urtearen hasieran izandako partaidetza-datuak 2019an hiruhileko horretan erregistratutakoak baino handiagoak izan zirela, eta hori, Udaletik azaldu zutenez, "horrenbestez, ondoriozta liteke pandemiarik izan ez balitz parte hartzaileen kopurua aurreko ekitaldikoa baino handiagoa izango zatekeela, zeinean 89.681 pertsona bertaratu baitziren". Hala, normaltasun berria hasi zenean, bertaratutakoen kopuruak aurreko urteetako patroi berei jarraitu zien: uztailean eta abuztuan bisitari gehiago izan ziren, eta irailean, gutxiago; urrian, berriz, gora egin zuen kopuruak, eskola-programa zela eta.

Beste alde batetik, inkesta egin zi-tzaien 3.400 pertsonen (bisitarien %9) erantzunetatik ateratzen den beste ondorio bat da mugikortasun-murrizketek izan duten eragina: "Gasteizko eta Arabako bisitarien kopuruak gora egin du; Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko turisten kopurua % 4,2 jaitsi da, eta atzerriko bisitariena % 5,8 jaitsi da", azpimarratu zuten. Datu horiek gorabehera, bisitarien ohiko profila berdina izan zen 2020an eta aurreko urteetan: Gasteizko familia-taldeak dira bisitari nagusiak, 35 eta 65 urte bitarteko pertsonek osatuak, sarritan 12 urtetik beherako haurrekin.

Ildo beretik, datu bat ere nabarmendu dute: pandemia hasi zenetik, tailerrak, ikastaroak eta bisitak jaitsi egin dira, ziurrenik koronabirusaren hedapena geldiarazteko sortutako murrizketen ondorioz. Prebentzio eta osasun neurri horien artean daude, adibidez, edukiera txikia eta talde txikiak. Horrek kalte egin ziezaiokeen Atariaren programa irekiaren jardueretako bisiten eta parte-hartzaileen kopuruari. Udaleko kideen hitzetik, "aipa-tzekoa da parte-hartzaileen kopuruak behera egin zuela Atariaren programa irekiko jardueretan (lantegiak, ikastaroak, bisitak eta abar); horrek lotura du Udalak hartutako osasun- eta segurtasun-neurriekin: zentroaren edukiera gutxitzea -50 pertsona gehienez-, beheko solairua erabiltzeko murrizketak eta jarduerarik ezin egitea bizikide ez diren pertsonek osatutako talde handiekin". Eta gaineratu zuten: "Izan ere, 2020an 61 natura-ibilbide egin ziren, eta haietan 518 lagunek hartu zuten parte; hau da, ibilbideko 8,5 lagun, batez beste. Ratio hori askoz txikiagoa da aurreko urteetakoak baino: 24,65 lagun ibilbide bakoitzeko, 2019an, eta 19,95 lagun ibilbideko, 2018an".

Datu positibo gisa, Interneteko presentzia-kuotek gora egin dutela ikus daiteke; izan ere, zentroak %30 egin zuen gora Instagramen jarraitzaileek, 1.350raino, eta web orriak %25 sarrera gehiago izan zituen 2019an baino, batez ere pandemia-garai horietan garatutako jarduera digitalei esker.

"2021ean eta hurrengo urteetan jasotzen diren datuak baliagarriak izango dira aztertzeko eta ulertzeko zenbat jende etortzen den eta zenbateraino hartzen duen parte jardueretan eta bisitetan Covidaren fenomenoaren ostean, zentrokoek azaltzen duten bezala "normaltasun berriak" aldaketa ekar baitezake bisitarien jokabidean", ondorioztatu zuten. Ataria bisitatu ahal izateko Gasteizko Udalak informazio zabala du bere udal webgunean. Bertan, interesa duten herritar guztiek irekiera-ordutegiei buruzko informazioa jaso ahal izango dute, baita bisita gidatuetarako ordutegiei buruzkoa ere. Web orrian bertan dagoen informazioaz gain, Udalak zalantzak argitzeko eta erreserbak egiteko telefono bat jartzen du herritarren eskura (945 254 759).

"Ondoriozta liteke pandemiarik izan ez balitz parte hartzaileen kopurua handiagoa izango zatekeela"

"2021ean eta hurrengo urteetan jasotzen diren datuak baliagarriak izango dira"