- Lana, aisialdia, kirola, kultura, harreman sozialak... dena aldatu digu pandemiak. Jendeak beste era batera egiten ditu gauzak covid-19aren pandemiak erabat aldatu duelako gure egunerokotasuna. Birusaren hedapen azkarrak segurtasun neurri zorrotzak hartzera behartu gaitu, eta egoera hau ez da erraza inorentzat. Hala eta guztiz ere, Gasteizko Mintzalgun taldeak nahiko ondo moldatzen ari dira errealitate berri honetara.

Taberna eta jatetxeetan aforo eta ordutegi murrizketak ezagutu ondoren, bilerak mantentzen dira Gasteizen beste eredu batzuetan (Interneten bidez, eta ibilbide edo txangoak antolatzen dituzte). "Oso pozik gaude Mintzalagunekin aurten, benetako konpromisoa hartu baitute euskararekiko eta programarekiko, eta zailtasunak zailtasun talde gehienak astero elkartzen dira", dio GEU Elkarteko kide Esti Rodriguezek.

Gogoratu behar dugu itxialdiak iraun zuen bitartean martxotik maiatzera, mintza taldeek ulertu zutela ezin zirela tabernetan elkartu, baina gehienek kontaktuan jarraitu zuten, asteroko hitzordua modu batean zein bestean mantenduz, adibidez, online bidezko bilerak antolatuz.

"Egia da aurtengo egoera aldakor honetan ia bi astero jartzen garela beraiekin harremanetan neurri berrien aurrean zelan moldatzen diren jakiteko, eta Mintzalagun taldeek ondo hartzen dituzte aldaketa hauek", esan du Gasteizko Mintzalagun egitasmoko arduradunak.

Bere esanetan, momentu honetan online biltzen dira talde asko Gasteizen, eta aurrez aurre elkartzen direnak launaka joaten dira paseoak ematera. Ahal izan denean tabernetara ere joan dira, gehienetan terrazetan bildu direlarik. Zorionez, Mintzalaguneko teknikariek irtenbide bat eskaini ahal izan diete talde guztiei udalaren laguntzarekin, gizarte etxeetako eta Oihaneder Euskararen Etxeko gela batzuk erreserbatuz taldeak hor bildu daitezen. Horrela, auzoa eta ordutegiaren arabera talde bakoitzari eskaera pertsonalizatua egin zaio.

Mintzalaguna programan, asteko hitzorduaz gain, hilabetero ekintza osagarriak antolatzen dituzte. Hala ere, aurten milaka ekimen bertan behera geratu dira covid-19 koronabirusaren hedapena eteteko helburuz eta pandemiari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, Gasteizko kultura babesten jarraitu nahi du GEU Elkarteak, eta otsailan eta martxoan zehar hainbat museotara bisita ezberdinak antolatu ditu.

"Aukera oso polita da Gasteizko Mintzalagunentzat beraien taldeetatik kanpo hiriko beste euskaldun batzuk ezagutzeko edota talde moduan ekintza bat egiteko. Arrakastatsuak izan dira ekintza hauek, beti. Horregatik, ikasturte hasieratik argi genuen ez genituela bertan behera utzi nahi eta ahalegin berezia egingo genuela", adierazi du Esti Rodriguez GEU Elkarteko kideak. Bere esanetan, museoetara bisitak egitea bururatu zitzaien, orokorrean "antolatzen ditugun bisita gidatuak arrakastatsuak izaten direlako".

"Bestalde, baditugu Gasteizen museo oso interesgarriak, oharkabean pasatzen zaizkigunak, eta hortik jaio zen ideia. Gainera, covid-19 egoera honetan, bisita gidatuak ekintza oso seguruak iruditzen zaizkigu, neurriak betetzeko erraztasun handia ematen dutelako", azpimarratu du Rodriguezek.

Gasteizko lau museo ezberdinetara antolatu dituzte, talde txikietan eta doan (Bibat-Fournier Karta Museoa, Bibat-Arabako Arkeologia Museoa, Arabako Arma Museoa, Arabako Natura Zientzien Museoa eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa).

Esan behar da azkar-azkar bete direla leku guztiak, eta oso pozik daudela GEU elkartekideak ideia honek izan duen harrerarekin.

Hurrengo bisitak, otsailaren 17an Arabako Arma Museora eta otsailaren 25ean Arabako Natura Zientzien Museora izango dira. Eta martxoaren 2an eta 4an, Artium bisitatuko dute. Esan bezala leku guztiak bete dira, baina norbaitek interesa badu edo proposamenik egin nahiko balu GEU Elkartearekin harremanetan jarri daiteke web orriaren bitartez.

Lehen bi bisita gidatuak egin dituzte (Bibat-Fournier Karta Museoa, otsailaren 2an, eta Bibat-Arabako Arkeologia Museoa, otsailaren 12an). Covid-19aren aurrean, Gasteizko museoek neurri zorrotzak ezarri dituzte, haien artean aforoa asko jaitsiz, eta bisita gidatuetarako taldeak bost pertsonetakoak izan daitezke gehienez.

"Hori dela eta bisita guztietan, eta baita Fournierrekoan ere, jende dezente gelditu behar izan da kanpoan", aipatu du GEU Elkarteko arduradunak. "Oso bisita interesgarriak izan ziren, hain gasteiztarra den enpresa honen historia gertutik ezagutzeko parada izan genuelako".

Gasteizko mintzalagun batzuentzat asteko hitzordua eta GEU Elkarteak antolatutako ekintza osagarriak dira euskaraz hitz egiteko duten aukera bakarra; eta beste batzuentzat, euskara ikasketa prozesuan atzean ez geratzeko aukera. Egoera horiek kontuan hartuta eta museoetara bisita gidatuen arrakasta ikusita, GEU Elkarteak erakusketa ezberdinetara bisitak antolatuko ditu, eta hurrengo asteetan argitaratuko dute erakusketen zerrenda eta datak.

Bibat. Fournier Karta Museoa. Otsailak 2, asteartean, goizeko 11.00etan.

Bibat. Arabako Arkeologia Museoa. Otsailak 12, ostiralean, goizeko 11.00etan.

Arabako Arma Museoa. Otsailak 17, asteazkenean, goizeko 11.00etan.

Arabako Natura Zientzien Museoa. Otsailak 25, ostegunean, goizeko 11.00etan.

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa. Martxoak 2, asteartean, goizeko 11.30etan. Eta martxoak 4, ostegunean, arratsaldeko 17.30etan.

Prezioa: Doan.

Antolatzailea: GEU Elkartea.

Telefonoa: 945 222153.

Posta elektronikoa:info@geuelkartea.eus

Webgunea:geuelkartea.eus

Momentu honetan online biltzen dira talde asko, eta aurrez aurre elkartzen direnak launaka joaten dira paseoak ematera

Gizarte etxeetako eta Oihaneder Euskararen Etxeko gela batzuk erreserba daitezke taldeak hor bildu daitezen

"Baditugu Gasteizen museo interesgarriak, oharkabean pasatzen zaizkigunak"

"Aurten benetako konpromisoa hartu dute Gasteizko mintzalagunek euskararekiko"

"Segurtasun neurriak betetzeko erraztasun handia ematen dute bisita gidatuek"

GEU Elkartea