- Turismoa, ostalaritza eta kulturarekin batera, koronabirusaren pandemiak gehien zigortzen dituen sektoreetako bat da. Ondorio horiei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programetan lanean jarraitzen du. Hain zuzen, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok EuskalTurismoari Eusteko 2021eko Laguntza Programa arautzen duen Agindua aurkeztu zuen atzo Gobernu Kontseiluan.

Programa euskal turismoari eusteko plan baten parte da, eta 18 milioi euro ditu. Horrez gain, turismo-sektorea sustatzeko eta dinamizatzeko ardatz bat ere badu, hiru milioi euro gehiago dituena, eta ikuskapen-lana berregituratzea. Sailburuaren hitzetan, "erresistentzia-plana lantzen eta zirkunstantzia aldakorretara egokitzen ari da, ager daitezkeen egoera guztietan enpleguari eta jarduerari eusten laguntzeko. 2020. urtean, 70 milioi euro bideratu genituen turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren Erresistentzia Planera, eta, haietatik, ia 45 milioi euro ostalaritzaren sektorera bideratu ziren", adierazi eta erantsi zuen: "Laguntza horiek abenduaz geroztik ari dira ordaintzen, eta urtarrilean ere iritsiko dira sektorera". Nolanahi ere, Erresistentzia Plan horrek beste urrats bat egin behar du, eta lagundu egin behar die, halaber, "nire sailaren eskumeneko beste sektoreei, hots, turismoari eta merkataritzari. Turismoa bereziki kaltetu da, eta oso egoera gogorra bizi du, turismoaren jarduera ia ezinezkoa izan baita mugikortasunean, garraioan eta konektibitatean ezarritako mugen eta konfinamendu perimetralen ondorioz".

Zehazki, Euskal turismoari eusteko planak 21 milioi euroko zuzkidura du, eta hiru ardatz ditu: Lehen ardatzak ezohiko baliabideetatik lortutako zuzeneko laguntzak bilduko ditu (kasu honetan, 17,7 milioi euro). Bigarren ardatzak turismo-sektorearen sustapena eta dinamizazioa izango ditu oinarri, sektoreak eskatzen duenari jarraikiz, eta sailaren aurrekontuko hiru milioi euroko zuzkidura izango du. Hirugarren ardatza osagarria izango da, eta ikuskapen-lana sektoreak "gehien eskatzen dituen jardunbide irregularretara" birbideratzeko zeregina du oinarri.

Lehenengo ardatzeko laguntzak euskal sektore turistiko osorako dira, beren konturako langileei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude. Laguntza horiek kualifikatzeko, Eusko Jaurlaritzak lau tarte ezarri ditu, langile autonomoen zein besteren konturako langileen kopuruaren arabera (6.000 euro langile batetik hirura bitarteko establezimenduentzat, 9.000 euro lau langiletik bederatzira bitarteko establezimenduentzat, 12.000 euro 10 eta 49 langile artekoentzat eta 15.000 euro 49 langile baino gehiagoko entzat). Gainera, neurketa-enpresa turistikotzat edo bidaia-agentziatzat hartzen diren entitateen kasuan, tarteen zenbatekoak handitu egiten dira. "Igoera horren arrazoia agentzia horien egoera larria da; izan ere, neurri handiagoan zorpetu behar izan dute bezeroei diru-kopuru batzuk itzultzeko, baina tour-operatzaileek eta airelineek ez dizkiete ordaindu diru-kopuru horiek", azaldu zute Eusko Jaurlaritzatik. Euskal turismoari eusteko Planaren bigarren ardatza sektorearen sustapenari eta dinamizazioari lotuta dago. "Oraindik erresistentzia-fase batean bagaude eta lehentasuna enpleguei eta jarduerari eustea bada ere, ez dugu alde batera utziko Euskadik turismo-jomuga seguru gisa duen irudia sustatzeko zeregina".

"Laguntza horiek abenduaz geroztik ari dira ordaintzen, eta urtarrilean iritsiko dira"

Turismoko sailburua

"Agentziek neurri handiagoan zorpetu behar izan dute bezeroe diru-kopuru batzuk itzultzeko"