- Arabako Foru Aldundiak eskaintzen duen saririk handiena da, eta, oraingoan, Deportivo Alavesek irabazi du. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak 2021eko Arabako Domina eman dio Deportivo Alavesi, "erakundeak ematen duen goraipamen handiena".

Horrela, Gobernu Kontseiluak erabaki du zuri-urdina kluba bere ehun urteko historian aintzatestea. Urte horietan, "Arabako herritarrentzat garrantzitsuak diren" kirol- eta gizarte-balioak defendatzeaz gain, "Arabako Lurralde Historikoko enbaxadore gisa lan bikaina egin duelako", helarazi zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik. "Sport Friend 's Club gisa sortu ondoren, 1921eko urtarrilaren 23an, Gasteizko klub apal hark gaur egun duen izena hartu zuen. Sortu zenetik, Arabako gizartearen balio bereizgarriak klubaren balioetan ere aurki ditzakegu", esan eta erantsi zuten bertatik: "Ehun urtetan zehar erakutsi digu arrakasta lortzeko duen gaitasuna, harrotasuna eta apaltasuna, bai eta porrotean suspertzeko duen gaitasuna ere. Bere ibilbidean aurki ditzakegu lehenengo mailara igotzea, 1946ko Federazio Kopan lortu zuen garaipena, eta Liverpoolen aurrean 2001eko UEFAren finalean izandako borroka". Alfredo Donnay Gasteizko musikari eta poetak sortu zuen Deportivo Alaves taldearen himnoa, eta Aldundiaren ustez, "argi uzten du klub horrek hirian eta lurraldean duen garrantzia eta errotzea, bere balioen bitartez": Deportivo goazen, kementsua zuri-urdinez, aintza zuri, Alavesa gaur egun, iraganean lez. Gasteiz osoa dago zutaz harro ta itxarodun ekinaren bidez berrizan zaitezen txapeldun. Bultza gogoz, aurrera Deportivo bultza gogoz, sekula amore eman gabe jardunean garaipenaren bila zure loria haziz ta hirikoa ere. Bultza gogoz, aurrera Deportivo etsi barik borrokatu zelaian, Gasteiz hiriak txaloz babesten zaitu Araba osoak zaitu bihotzean, gogoratu zuten atzo himnoa Foru Aldundiatik. "Deportivo Alaves Arabako eta Gasteizko historiaren zati da, eta erreferente bat da gazteentzat eta, oro har, Arabako gizartearentzat. Zalantzarik gabe, gizarte kohesiorako elementu garrantzitsua da, eta, ibilbidean zehar, gure lurraldea ezagutarazten lagundu du, bai estatuan, bai nazioartean", ondorioztatu zuten.