- Gasteizek hiri hezitzailea izaten jarraitzen du eta 30 urte bete ditu hilabete honetan bertan. Izan ere, hil honen 30ean Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak atzo azaldu zuenez, Gasteiz, lehen aldiz, Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen Hiri Koordinatzailea bihurtuko da aurten.

“Ordezkatzen dudan erakundetik eta bertako alkate gisa, konpromiso argi eta garbia hartzen dugu aurtengo edizioaren lemaren sakonean den edukia berritzeko, eraikitze demokratiko eta parte-hartzailerako espazioak zabaltzeko helburuarekin, ahots guztiak bilduko dituztenak eta inor atzean utziko ez duen hiria sortzea ahalbidetuko digutenak”, esan eta erantsi zuen Gorka Urtaranek: “Horrenbestez, bat egiten dugu mundu osoan ospatuko den Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin, sinetsirik beste hiri askorekin batera eskuz esku joanez urrats irmoak emateko eta horrelako hiriaren aldeko gure ahotsa entzuteko aukera eskaintzen zaigula”.

Hiri Hezitzaileen Nazioarte Egunaren bosgarren edizioak 30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde du lema, 1990ean Bartzelonan burutu zen lehen Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Biltzarrean onartutako Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrenari keinu eginez. “Tokiko gobernuek Hiri Hezitzailea eraikitzeko duten geroz konpromiso handiagoa da 30 urteotako lanaren eta hobekuntzaren isla. Konpromiso hori berritu eta eguneratu egingo da aurten, Hiri Hezitzaileen Gutun berriarekin”, adierazi zuten Udaletik.

Ospakizun horretarako, atzo hiri hezitzaileen gutuna argitaratu zuten, eta bertan nabarmendu zuten hiriek, tamaina edozein izanda ere, eguneroko erronkei aurre egiten dietela, baina baita kutsadura bera bezalako erronkei aurre egin behar dietela ere. Horregatik, erronkei erantzutearen alde egiten dute, hezkuntza konponbiderako bidetzat hartuz: “Hiri Hezitzaileak osatzen dugunok jakitun gara aurre egin beharrean garen erronkei ezin diegula heldu aldebakarreko konponbide soil batzuez; aitzitik, kontraesanentzat lekua izango den espazioak sortzea eskatzen du, eta bizi dugun ziurtasunik gabeko garai honetan elkarre kin bizitzeko erarik behinenentzat ezagutza, elkarrizketa eta parte-hartze prozesuak proposatzen dituztenentzat ere egon behar du”.

Bestalde, koronabirusak sortutako krisi soziosanitarioaren ondorioz, “hezkuntza-eremuan nabarmenago antzeman daitekeen errealitateetako bat, arrakala, digitala deritzona da. Gertakari horrek eragina du bai ikasleengan baita familiengan ere”, adierazten dute. “Arrkala digital hori informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eskuragarritasunean, erabileran eta erabilera-kalitatean zehaztu daiteke. Alderdi horiei guztiei gizarte gisa eta hiri hezitzaile gisa heldu behar zaie, hezkuntzaren garapenean, eskola-arrakastan eta ikasle guztien aukeretan sortzen dituen desberdintasunak arintzeko, ahaztu gabe haurren seguntasunarekin lotutako gai guztiak”.