loridako parkeak urteak bete ditu, 200 guztira. Eta ospatzeko modurik onena bere historia hasieratik gaur egunera arte ezagutaraztea da. Hala, parke honen bigarren mendeurrenaren harira, Florida 200 urte izeneko erakusketa antolatu du Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak, ikusgai egongo dena urtarrilaren 30era arte Ignacio Aldecoa kultura etxean. Proiektu berri hau Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren kultura sailen arteko lankidetzaren emaitza da.

Erakusketa honen aurkezpenean, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Cantok esan zuen omenaldia egin nahi dietela parke honen sortzaileei eta hura mantentzen laguntzen duten langile guztiei: "Erakusketa honen bidez omendu nahi ditugu: parkea egin eta gaur egundaino onik zaindu dutenak; egunez egun bizitzez bete dutenak, direla landare, animalia zein pertsonak; izaera eman dioten eraikin eta ekimenak; eta erretratutan hartzen jakin izan duten argazkilariak", adierazi zuen. Bestalde, Ana del Valek, Kulturako foru diputatuak, azpimarratu nahi izan zuen Foru Aldundiak Ignacio Aldekoa etxea sortzen lagundu duela, gutxienez. Bere hitzetan, "Floridaren bi mendetako biziaren egunerokoan, Arabako Foru Aldundiak ere badu zerikusirik -behinik behin 1976tik aurrera-, parkearen sinboloetakoa den Ignacio Aldecoa kultura etxearen bitartez". Ildo horretatik, gaineratu zuen: "Bertako liburutegia, liburu-aurkezpenak, Hirugarren Adinekoen Gelak, kultur jarduerak, irakurketa-klubak€ Jarduera horiek guztiak leku magiko honen biziaren osagarri dira; horregatik, erakusketa eder honen proposamena egin zigutenean, data ipini besterik ez genuen behar izan. Horra gure apurra mendeurren esanguratsuari".

Erakusketak Artxiboaren funtsetan hautatutako hogei argazki erakusten ditu, argazkalari hauenak: Santiago Arina Albizu, Arque (Federico Arocena Andres eta Gregorio Querejazu Garcia de Madinaveitia), Fernando Ascacibar Urrutia, Jose Luis Barroso Ruiz de Troconiz Foat (Fotografía Aerea y Terrestre), Enrique Guinea Maquibar, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro. Horiez gain, Manuel Angel Chavarrik diseinatutako bi plano ere erakusten dira. "Argazkigintzako profesionalek inspirazio-iturria aurkitu dute Floridan, betiere errepikatzen diren gaien iturri eta horrek irudi-sorta zabala izateko aukera eman digu. Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak argazki horien arteko hautaketa-lana egin du, irudi esanguratsuenetakoak erakusteko. Benetako omenaldia hiriaren erdiko arnas-gune eder horri", ondorioztatu zuen Cantok.

Proposamen honek erakusketako argazki guztiak biltzen dituen katalogo bat du. Argazki horiek prezio baxuan eros daitezke, hiru eurotan, atzo aurkezpenean bertan jakinarazi zutenez. Gainera, irudiak internet bidez ere ikus daitezke, bi web orri ere prestatu baitituzte: www.vitoria-gasteiz.org eta www.araba.eus. Gainera, argazki-erakusketaren osagarri gisa, Floridari buruzko 38 argazki gehiago proiektatuko dira Kultur Etxean.

Florida parkeak milaka bisita jasotzen ditu urtero, ez bakarrik gasteiztarren aldetik, baita Gasteizera iritsita Eusko Legebiltzarra bisitatzea erabakitzen duten turista guztien aldetik ere. Izan ere, parke hau hiriburuko birika berde garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Erakusketako irudietan urte horietako aldaketa eta bilakaera guztiak ikus daitezke. Adibidez, katalogoan jasotako irudietako bat aipatzearren, Eduardo Datoren monumentuaren inaugurazioa dago. Irudian Carmen Barrenechea alarguna ikus daiteke, eta beste batzuk hitzaldia entzuten. Beste irudi batean, adibidez, 1931n hainbat gazte ikus daitezke elurrarekin gozatzen eta dibertitzen. Irudian parkeak elur-geruza handia du, eta helduak harekin jolasten ari dira. Hirugarren irudi batean ikus daiteke nola ospatzen zuten Andre Maria Zuriaren eguna 1935. urtean, hain zuzen.

Zuri-beltzeko irudi batzuen ondoren, parkearen bilakaera ere ikusten da, koloredun eta denboran gertuago dauden irudietara pasatuz.