- Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak azken hilabeteotan guztira 2 milioi euro inbertitu ditu Arabako 53 errepideren tarte batzuen zorua hobetzeko. Bide Zoruen Planaren 2020ko plangintzaldia egun gutxi barru bukatuko da, esku hartzeak egin ondoren bide nagusietan, hala nola A-1, N-240, N-104 eta N622 errepideetan, baina batez ere eskualde, toki eta auzobide sareetako errepideetan.

"Aurten, 2 milioi euroko inbertsioa egin dugu bidezoruak berritu eta indartzeko, eta hori azken ekitaldietan helburu horretara bideratutako batez besteko aurrekontua baino % 33 gehiago da. Bide horri jarraitu behar zaio", adierazi zuen Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak.

"Bide Zoruen Planaren 2020ko plangintzaldiak ahalbidetu du Arabako eskualde guztietan zehar banatuta dauden 53 errepidetan esku hartzea, errepideen tarte eta gune jakin batzuk konpontzeko, zuloak, arrakalak eta deformazioak baitzeuden denbora igarotzearen eta eguraldi txarraren ondorioz. Hauexek izan dira konponketa lanak: gune eta tarte horietako errodadura geruza fresatu eta birjartzea, eta hartxintxarrarekin ureztatzeko tratamenduak aplikatzea", gaineratu zuten prentsaohar batean. "Kontserbazioan eta mantentze lanetan inbertitzeak segurtasunean inbertitzea esan nahi du eta, gainera, epe ertainera aurreztea ahalbidetzen du, gure errepideak gehiago hondatzea saihesten delako", gaineratu zuen diputatuak. "2020ko Bide Zoruen Plana A Planaren lerro honen barruan sartzen da: inbertsio publikoari eustea, lurraldeko jarduera eta enpleguari eusten laguntzeko krisialdi honetan".