- Duela ia hilabete bat hasi zen ikasturtea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehenengo bi kurtsoetan dauden ikasleentzat. Hala ere, eskola kirola oraindik ez da hasi Gasteizen, eta hori izan zen atzo goizean ospatutako Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun batzordean landutako gaietako bat, Gasteizko Eh Bilduk udal instalazioetan dauden protokoloen eta arauen inguruan galdetu zuelako.

"Jakin izan dugu irrati baten bitartez salatu dutela udala luzatzen ari zela udal instalazioen eskola kirolaren inguruko erabileraren protokoloak ezartzeko bidean eskola jarduerari begira. Araban baimena eman da, eta hemen aurkitu dugu salaketa hori, diola aurreikuspen falta hori dela eta ez daudela protokoloak eta arauak behe mailei dagokienez", adierazi zuen Eh Bilduko zinegotzia den Iratxe Lopez de Aberasturik.

Aipatu zuenez, gaur egun bizi den egoerak eta umeek konfinamenduan zehar etxean sartuta egoteak halako jarduerak "beharrezkoak bihurtu dituztela. Ume guztiak itxaroten daude jarduera hauek hasteko. Gainera egoera zaila izan da eta mentalki halako jardueretan entretenituta egotea ere oso garrantzitsua da pairatu dugunaren aurrean".

Iñaki Gurtubaik, Alkatetzaren, Kirol eta Osasunaren, Ogasunaren eta Giza Baliabideen arloko arduradun politiko gisa, azaldu zuen ez zuela salaketa publikoa ezagutzen, "prentsakoek esan didate". Hala ere, gogoratu zuen udalak protokoloak dituela udal instalazio guztientzako, baita kirol federaturako (jada funtzionamenduan dagoela). "Dena protokolizatuta eta normatibizatuta dago. Orain protokolo bat egin behar duena da esaten duenak udal instalazio batera bi, hamar edo 345 gazte eramango dituela". Izan ere, instalazioa eskatzen duenak esan behar du zenbat gazte eramango dituen jarduera hori egiteko, eta "talde edo entitatearekin koordinakuntza lana egin beharko da". Zentzu horretan, atzo udal instalazioak hartzen dituzten kirol entitate guztiei komunikazio bat bidali zieten. Bertan eskatzen zuten behar duten instalazioaren eskaera bat egitea, zein modutan eta zenbat pertsonekin zehaztuz.

Gainera, bere web orrialdean argitaratu zuten informazio guztia. Kirol zerbitzuak zenbait alderdien berri ematen die bertan Eskola Kirolaren Programako jarduerak garatzeko udal kirol-instalazioen erreserbak eskatzen dituzten erakunde guztiei. Era horretan, egungo osasun-larrialdiko egoeraren aurrean jarduerak segurtasunez egiteko, Kirol zerbitzuak, alde batetik, udaleko kirol-instalazioen kontingentzia-planak garatu ditu, eta, bestetik, dokumentu bat, eskola-ekipoen denboraldi-erreserbetarako udal-kirol instalazioen erabilera-baldintzekin. Aurten hauek eskatzeko epea ere handitu da egoera dela eta, urrira arte, alegia, azaltzen da. Estekan aurki daitekeen informazioan ere kirol-erakundeek aurkeztu behar duten eskabidea eta dokumentazioa argitzen da, eta bizi den egoera dela eta egon diren aldaketak ere zehazten dira.

Gurtubaik azaldu zuen amaitzeko teknikoek kirol entitateekin daudela harremanetan jada, eta hurrengo egunetan, gainera, eta jasotako eskaeren eta informazioaren arabera, instalazio hauek jasoko dituzte eskola kiroleko lehenengo jarduerak. "Orain lan teknikoa egitea egokitzen da, eta hurrengo egunetan hasiko da funtzionatzen hau", adierazi zuen amaitzeko arduradun politikoak.