- Gasteizko Udalak begiak gabonetan jarrita ditu jada. Izan ere, uda honetan jaiekin eta urtaro horretan ospatzen diren jarduerekin gertatu den bezala, covid-19ak hauek eraldatzera edo moldatzera, edota bertan behera uztera behartu duela, egoerak ere gabonetako ospakizunak baldintzatuko ditu.
Horregatik, atzo goizean ospatutako Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun batzordean, Elkarrekin taldeko zinegotzia den Garbiñe Ruizek horren inguruan galdetu zuen, ea gabonetako programazioaren sorkuntzan zein pauso eman diren orain arte eta zeintzuk emango diren, baita Olentzero eta Errege Magoen desfileak eta harrerak ospatuko diren edo, beste zenbait ekitaldiekin gertatu den bezala, bertan behera geratuko diren.
Hezkuntza eta Kultura saileko zinegotzi ordezkaria den Estibaliz Cantok azaldu zuen, horren harira, aurreikuspena pandemiaren garapenaren araberakoa izango dela. Hala ere, gogoratu zuen udako "esperientzia positiboa" ondino hemen dagoela, bertan kultura agenteekin lankidetzan egon baitzen eta "eszenatoki desberdin hauetan lan egiteko tresnak lortu direlako".
Une honetan, oinarri desberdinetan daude lan egiten, dioenez, gabonetako egunak eta bertan dagoen klima ez direlako udako egoeraren parekoak. "Udan zer edo zer gertatzen bada aire librean dauden espazioak har daitezke". Horregatik, deszentralizazioa, edukiera mugak, eta murrizketa eta kontrol gehiago aipatu zituen Cantok. "Ohikoa den baino lehenago aurkeztu ahalko dugun zerbait diseinatuko dugu, normalean programazioa azaroaren amaieran, abenduaren hasieran aurkezten baita".
Une honetan -aurreratu zuen-, diseinu eta plangintzaren hasierako fasean daude. Kezkatzen duen beste gai bat gabonetako desfileak dira, Olentzero eta Errege Magoena. Horri lotuta adierazi zuen "zer edo zer aurreratzea oso goiztiarra dela. Desfile jendetsuak dira, eta hartzen dugun erabakia Osasun sailak onetsi behar du. Hiri guztiek hartu beharko dute erabakiren bat, eta beste herriekin koordinatuta gaude lan egiten erantzun berdin bat eman ahal izateko", adierazi zuen amaitzeko zinegotzi ordezkariak.