- Helduei oposizioetarako prestatzen laguntzen dieten akademiak ere martxan daude. Opebasketik Pablo bertako taldeko kideak adierazi duenez, konfinamenduan ere oposizioak prestatzen jarraitu zuten. Oraingo honetan ere, akademiak aukera eman zien ikasleei eskolak online ematen jarraitzeko. Gainera, egun osasun-krisia dela-eta etxetik ikasten jarraitzea nahiago duten guztientzat dago aukera hori.

“Gu oraingoz, zorionez, ez gara kaltetuak izaten ari. Konfinamenduan zehar, dena online egin genuen, eta orain aurrez aurreko klaseetara itzuliko gara, gure ikasleek hala eskatu digutelako. Hala ere, eskatzen dutenentzat etxetik ikasteko aukera ematen jarraitzen dugu, nahiz eta ia mundu guztiak aurrez aurreko klaseak nahiago dituen”, azaldu du Pablok. Ildo horretan, eskolak prest daude ikasle bakoitzaren artean gutxienez metro eta erdiko tartea egon dadin. Hori dela eta, gela bakoitzean gehienez 20 ikasle sartuko dira, Pablok dioenez, Eusko Jaurlaritzaren edukierak baimendutakoak baino bost gutxiago. “Oro har, ikasle guztiak aurrez aurrekoetara itzultzeko gogoz daude, ikaskuntzan gehiago bultzatzen eta laguntzen dutelako. Hala ere, ikasle baten bajaren bat izan dugu, baina ez da ezer aipagarria”, azaldu du: “Gutxi daude itzultzeko beldur direnak, baina baten bat badago”. Akademia honetatik, beraz, oporrak bukatuta ateak zabaldu dituzte jada oposizioak prestatzen jarraitzeko.

Pablok dioenez, udazkenerako aurreikusi dituzte Gasteizko Udaleko administrazioko azterketak. Udaltzaingoarenak eta Ertzaintzarenak ere hurrengo urte hasieran izango direla dio. “Horregatik zen hain garrantzitsua konfinamenduan ere guk hor jarraitzea. Batez beste, ikasle batek urte eta erdi inguru behar du oposizio bat prestatzeko. Bi azterketa horiek, adibidez, oso gertu daude, beraz, ikasleek ikasten jarraitu behar zuten, bai ala bai, eta horregatik eman genuen etxetik ikasteko aukera, gertatzen dena gertatzen dela irakasten jarraituko dugu, unean uneko egoerara moldatuz”, ondorioztatu du Pablok, Opebaskeko kideak.