Iragan hurbilean murgilduta

Josu Santamarina EHU-ko ikerlariak lanean jarraitzen du gerra zibilaren inguruan aurkitzen dituzten ezagutzak jendartearekin partekatzeko

15.08.2020 | 00:54
Gerra zibilaren inguruko arrastoak bilatu ditu egun hauetan Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek Oketan eta Burbonan. Lehenengo kasuan, herrixka moduko batean izan dira, 1.000 metrotara, eta bigarrenean, milizianoek naturarekin bat egiten zuten zonaldea ezagutu dute.

Guda-otsak: estudio arqueologico-patrimonial del frente exterior de la guerra civil en el País Vasco izenpean, Josu Santamarina Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak lanean jarraitzen du gerra zibilaren inguruan aurkitutako aztarnategien bilduma bat egiteko, mundu horretan sakontzeko. Pasa den astean, esaterako, Oketa eta Burbonan (Zigoitia eta Zuia inguruetan) amaitu zituzten hamar egun iraun zituzten indusketak, bi leku hauetan gerra zibilean gertatutakoa aztertzeko, zonalde hauetan kontserbatzen ziren eraikinak eta aztarnak ikertuz.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik dirulaguntza jaso zuten hau egiteko. "Lanaren oinarria frontearen aztarnen katalogo bat egitea da. Makrotxosten tekniko bat da", azaltzen du Santamarinak, eta hurrengo hilabeteetan prest eduki nahi dute. Proiektu honetan 1936ko udazkenetik, 1937ko udaberrira frontea egonkortuta egon zela gogoratzen du, eta denbora tarte horretan sortu zen alde batetik Francoren Espainia –"Franco bihurtu zen diktatore, eta bere kontrol militarraren pean zegoen lurraldea bilakatu zen haientzako Espainia nazionala"–. Bestalde, Bizkaiko partean eta Arabako parte batzuetan, baita Gipuzkoako Eibar eta Elgeta herrietan, "lurralde horretan zehazki Eusko Jaurlaritza sortu zen, Euzkadi izeneko proiektu errepublikanoa. Bi lurralde horien arteko muga da bilatzen ari garena", adierazten du ikerlariak; gerra frontea zena alegia.

Haien asmoa da bilatzea nolakoa zen muga hori, eta badaukate beste intentzio bat: munduko beste muga militarizatuekin konparatu. "Muga gero eta gehiago zentzu militar batean ulertzen da. Hamarkada luzez, bi Koreak banatzen dituen muga hori izan da, adibidez. Baina gero eta gehiago nahiko muga militarizatuen planeta batean bizi gara". Fronte hori, gainera, eratuta zegoen "gutxi gora behera" Bizkaiko mugetan; Markinan, Gipuzkoan Eibar eta Elgeta hartzen zuen, Kanpazar, Aramaio eta Arabako iparralde osoan; "Ondarrotik Burgoseraino".

Katalogoaren atal garrantzitsuena jada egin dutela dio, eta orain hutsune batzuk betetzen ari dira. Hau osatzeko, iturri mota desberdinetara jo dute, hauek konparatu eta aztertzeko. Hau neguan egin zuten, koronabirusa heldu baino lehen. Garaiko ahozko testigantzak, ida-tzizkoak, garaiko txostenak, garaiko eta gaur egungo katrografiak ematen dizkien tresnak (radarezko irudiak, etab.) hartu dituzte kontuan. "Hori eginda, leku batzuetara goaz, hauek aztertzera. 215 leku ditugu dokumentatuta jada hiru probintzietan zehar gainera. 220-230 artean izango ditugu itxiko dugunean", aurreratzen du Santamarinak zen-tzu horretan. Arabako zonaldea "hobekien ikertuta daukaguna da". Izan ere, duela hiru urte hasi ziren pixka bat horrekin. Gainera, bertan kontserbazio maila "oso ona" dela deritzo. Horregatik, 215 leku horien erdia baino pixka bat gehiago Arabari dagozkio. "Ehunetik gora zihur".

Gogoratzen du, horren harira, arkeologiarekin saiatzen direla iragana ezagutzen, baina ikuspegi diakroniko batekin (denboran zehar). "Beraz, ematen dizuna da gaur egungo paisaiaren argazki bat. Batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian gertatzen dena da landaredia asko aldatu egin dela eta plantazio forestalak handik eta hemendik daude, eta horrek asko aldatzen du lurraren gainazala. Horretaz aparte, hiri egiturak eta hauen hazkundeak eragina daukate. Elgoibar, Eibar zonaldean (Debagoienan), paisaia oso aldatuta dago".

2017an hasi ziren jada katalogoarekin Arabatik. Urte horretan, 75 posizio dokumentatu zituzten. Hurrengo urteetan, 2018-2019an, konturatu ziren leku dezente eskapatu zirela eta ez zirela katalogo horretan sartu. "Gehiago sartu ditugu, gehiago daudelako. Gainera, pentsatu genuen garaiko Euzkadi, zetarekin, horren muga nolakoa zen ezagutzea interesgarria izango zela".

Katalogoak, dioenez, hainbat helburu ditu gainera. Alde batetik, orain arte ondare arkeologiko bezala ezagutzen ez den hori patrimonio arkeologiko bezala ezagutzen hastea. "Kontua da beste katalogo arkeologiko asko daudela; prehistorikoak, megalitismoa, leku erromatarrak, etab. Kronologia hurbileko lekuak, berriz, normalean ez dira arkeologikoki lantzen", azaltzen du. Horregatik, unibertsitatean beste lankide batzuk gerra karlistetako espazioak ikertzen dituztela gogoratzen du. "Hauek ez dira aztarna arkeologiko-tzat ere hartzen, berriegiak omen dira, eta gure kasuan gauza bera gertatzen da". Ondare berriak, bazter-tzen direnak, "hain monumentalak ez direnak", kontsideratzen hastea nahi dute honekin, baita paisaia arkeologikoa ulertzen hastea ere.

Gainera, elkarteekin eta tokiko agenteekin sare bat osatu nahi dute, eta zentzu horretan hainbat elkarterekin daude lankidetzan; Aiaraldean Aztarnarekin, Zigoitian Abadelauetarekin, etab. "Memoria historikoan elkarteek pisu handia daukate", azpimarratzen du.

Helburuak

Ezagutza. Katalogoak, Josu Santamarina ikerlariak dioenez, hainbat helburu ditu. Alde batetik, orain arte ondare arkeologiko bezala ezagutzen ez den hori patrimonio arkeologiko bezala ezagutzen hastea. Ondare berriak, baztertzen direnak, "hain monumentalak ez direnak", kontsideratzen hastea nahi dute honekin, baita paisaia arkeologikoa ulertzen hastea ere.

Sareak. Gainera, elkarteekin eta tokiko agenteekin sare bat osatu nahi dute, eta zentzu horretan hainbat elkarterekin daude lankidetzan; Aiaraldean Aztarnarekin, Zigoitian Abadelauetarekin, etab. "Memoria historikoan elkarteek pisu handia daukate", azpimarratzen du.

Esan du

Josu Santamarina "hutsuneak betetzen ari gara orain"

Katalogoaren atal garrantzitsuena jada egin dutela dio ikerlariak, eta orain hutsune batzuk bete-tzen ari dira. Hau osatzeko, iturri mota desberdinetara jo dute, hauek konparatu eta aztertzeko. Hau neguan egin zuten, koronabirusa heldu baino lehen.

datuak

215

215 leku dituzte dokumentatuta hiru probintzietan zehar. "220-230 artean izango ditugu itxiko dugunean", aurreratzen du Santamarinak zentzu horretan. Arabako zonaldea "hobekien ikertuta daukaguna da". Horregatik, 215 leku horien erdia baino pixka bat gehiago Arabari dagozkio.

75

2017an hasi ziren jada katalogoarekin Arabatik. Urte horretan, 75 posizio dokumentatu zituzten. Hurrengo urteetan, 2018-2019an, konturatu ziren leku dezente eskapatu zirela eta ez zirela katalogo horretan sartu.