Hezkuntza. Salburuako jendeak asko mugitzen dela erakutsi du.Hezkuntza arloko Arantzabelak, Salburuak, Errekabarrik, guraso elkarteek, klaustroek eta haurreskolek, besteak beste, jaso dute Euskaraldiaren mezua, euskara zabaltzeko helburuarekin.

Kirola. Kirolaren munduko Saarvik (Sala de armas de Vitoria esgrima taldea), Salburua kirol elkarteak, pilota elkarteek, etab. ere bat egin dute horrekin.

Elkarteak. Elkarteen munduari dagokionez, Salburua Burdinbide eta Larkaiate, Basalburu, SalburuKoLore elkartea, Sarburu kultur elkartea, etab. aurki daitezke adibidez.

asteizen, Salburuako Euskaraldiko Batzordeak lanean jarraitzen du eta irailaren 20an sorpresa bat aurkeztuko du. Hala azaldu du bertako partaide den Iñaki Irazokik DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan. Egun hori heltzeko oraindik bi hilabete falta dira, baina haiek konfinamenduan ere ideiak partekatzen eta lanak aurreratzen aritu dira, Gasteizko Euskaraldiarekin gertatu den bezala, sare sozialak eta online elkartzeko plataformak aliatu bikaina izan direlako hilabete hauetan zehar.

Gainera, auzo aktiboa dela azpimarratzen du partaide honek, eta euskara zabaltzeko helburuarekin elkarte "askok" parte hartzen dute. "Salburuan jendea mugitzen da, eta hemen bizi diren 18.000 biztanleei helarazi nahi diegu mezu hau"; eta hori ere elkarteen bidez egin nahi dute, auzoko elkarteekin, eta hezkuntza eta kirolaren arloetan lan egiten dutenekin. Horren adibide dira, hezkuntzaren munduan, Arantzabela, Salburua, Errekabarri, guraso elkarteak, klaustroak eta haurreskolak, besteak beste. Elkarteei dagokienez, Salburua Burdinbide eta Larkaiate, Basalburu, SalburuKoLore elkartea, Sarburu kultur elkartea, etab. aurki daitezke; eta kirolaren munduko taldeekin ere daude harremanetan, eta zentzu horretan "bertako klubek laguntzen digute euskararen inguruko dinamika bultzatzen". Era horretan, parte hartu dute Saarvik (Sala de armas de Vitoria esgrima taldea), Salburua kirol elkarteak, pilota elkarteek, etab.

"Helburua, izan ere, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea da, eta familia handia izanda hori errazagoa da", dio Irazokik. Azken finean, elkarte guzti hauek eta gehiagok jaso dute Euskaraldiaren mezua eta, partaide honek dioenez, haiek laguntzen ari dira mezua zabaltzen. "Gauza batzuk prestatzen ari gara, irailetik aurrera ikusi ahalko direnak".

Covid-19a dela eta, konfinamenduan zehar gauzak gelditu zirela aitortzen du Irazokik, baina hau heldu baino lehen Gasteizko Euskaraldiaren aurkezpenean parte hartu zuten, eta barneko lana egin dute. "Gasteiz mailan Oihanederren egin zen ikastaro bat, eta horretan parte hartu genuen. Gainera, guk martxoan egin behar genuen aurkezpen publikoa, baina covid-19a heldu zen eta azkenean bertan behera geratu zen", gogoratzen du.

Hala ere, konfinamenduan Etxealditik Euskaraldira kanpainan parte hartu zuten. Bertan, eta aurtengo leloa erabiliz, apirilaren 20tik maiatzaren 3ra "etxean eta etxetik ditugun harremanetan -gertukoekin ditugun harreman horietan- ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa" proposatzen zuten koordinatzaileek, era horretan azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den Euskaraldirako etxetik prestatzen hasteko.

"Gure egoera arraro horretan bultzatu genuen ekimena, online egin genuen", azpimarratzen du. "Lehen aipatutako hezkuntza eragileek -guraso elkarteak, etab.- mezua zabaltzen lagundu ziguten eta familia askotara heldu zen horrela", azaltzen du. Egun horietan zehar, Etxealditik Euskaraldira kanpainan, bete behar izan zituzten erronka asko ziren pertsonalak, edo familia eremuan betetzekoak; adibidez, umeekin jolastera eta denbora pasatzera animatzen zituzten parte hartzaileak. "Bazegoen bat, topa online egitearena, eta horretan elkar ikusi genuen, behintzat, online. Larunbata edo igandea zen, eta 12.00etan bermuta hartu genuen, batzuk balkoian, beste batzuk sukaldean eta elkar ikusi genuen online plataforma bat erabili genuelako".

Gainera, Sarburu kultur elkarteak Irazokik ere horren parte izanda, Euskaralditik aparte baina euskara sustatzearren, ekimen bat antolatu zuen, sormen lehiaketa bat alegia. "Gure kezka nagusiena da pandemia garaian euskara ez dela politikarien lehentasuna izan, eta eskolak ixterakoan ere etxe askotara ez da euskara heldu. Horregatik, horri aurre egiteko sormen lehiaketa egitea erabaki genuen; hainbeste ordu pasa behar genituenez etxean, jardueraren bat egiteko. Proposamena zen antzerkiak, errezeta bat, etab. euskaraz egitea".

Horietako batzuk , hain zuzen, antzerkiak egin zituzten, eta beste batzuk konfinamenduan lan egin behar zuten edo etxean gelditu behar ziren guztientzako animoak emateko aprobetxatu zuten. "Erronka moduan egin zen". Sarburu kultur elkarte honek lanean jarraitzen du, azken finean, urte osoan zehar euskararen inguruko pausoak ematen, eta Euskaraldiarekin eta Korrikarekin bat egiten dute urtero, entitate independenteak direlako baina helburu bera partekatzen dutelako: euskara sustatzearena.

Ostegunean, Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzaile den Josu Pedruzok nobedadea ariguneena izango dela gogoratu zuen DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan; konfinamenduan zehar ezin izan zuten horren inguruko lan handirik egin, baina orain ekin diote berriz lanketari eta hauen parte izateko izena emateko epea irailaren 27an amaituko dela azpimarratu zuen. Euskaraldiaren web orrialdean aurten bi modu egongo direla aurreratzen dute entitate barruan parte hartzeko. "Batetik, ariguneak sortuko dira, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek, iaz bezala, norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin", diote. Pedruzok, ahobizi eta belarriprest rol horien inguruko lanketa irailetik aurrera hasiko dela ere azaldu zuen. Izan ere, lau hilabete falta dira Euskaraldia heltzeko, baina Salburuako Batzordean jada daude prestatzen hilaren 20an dena prest izateko. Horregatik, elkarlanean oinarritu nahi dute hau, eta aipatutako elkarte horien bidez mezua zabaldu nahi dutenez, lanean jarraituko dute, orain arte egin duten bezala, aurtengo Euskaraldiaren leloa egi bihurtzeko eta horrela, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin ahal izateko.