- "Arabako gizartea onartzen ari da migrazio fenomenoa egiturazkoa dela; urte eta hamarkada luzez iraungo duela; etorkinak geratzeko etorri direla, lurraldeak aurrera egiteko beharrezkoak baitira, eta Araba lehen baino askotarikoagoa dela eta etorkizunean are askotarikoagoa izango dela". Horiek dira Arabako migrazio fenomenoaren azterketa diagnostikoa azterlanaren ondorio nagusiak. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin du ikerlana, Arabako Foru Aldundiak eskatuta. Azterketa kualitatiboa da eta 2018an egin zen analisi kuantitatiboa osatzen du.

Atzo goizean aurkeztu zuen ikerlana Maite Fouassierrek, ikuspegiko ikertzaileak, Berdintasunaren eta Giza Eskubideen foru zuzendari Nerea Melgosarekin batera. Melgosak hitzetan, "Arabako Foru Aldundiak gizarteklima egokia lortu nahi du, baita herrietan eta pertsonen artean bizikidetza hobetu, lurraldera jatorri ezberdineko pertsonak heltzen diren testuinguru estruktural honetan". Diagnostiko horrek, "lanerako tresna eta abiapuntu gisa balio dio Foru Aldundiari, herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren alorrean esku hartzeko plan bat prestatzeko, eta, haren bidez, etorkizuneko erronkei aurre egin eta gizarte arrakasta bermatzeko", gaineratu zuen. Plan horri esker, hobeto ezagutu ahal izango da zein pertzepzio, iritzi eta jarrera duten Arabako herritarrek migrazio fenomenoaren inguruan; "jarrera horiek euskal herritar guztiek dituztenen artean kokatu ahal izango dira, eta estrategiak, programak eta ekintzak proposatu ahal izango dira herritar atzerritarrak atenditzeko eta, era horretan, Arabako lurraldean elkarbizitza hobetzeko".

Arabako Foru Aldundiaren azalpenen arabera, Migrazio fenomenoaren diagnostikoan lau bloke handi daude: "Lehenengoak migrazio fluxuen analisia egiten du. Datuen arabera, hogei urtetan, gure gizartea ia jatorri atzerritarreko pertsonarik ez izatetik (Arabako herritarren %1,6 besterik ez 1998an) 2019an %12,1 izatera pasa da. Jatorri atzerritarreko pertsonak gazteak dira gehienbat eta latinoamerikar jatorrikoak gehienak. Jatorriari dagokionez, magrebtarrak dira bigarren talde handiena, eta hurrengo urteetan bai talde bateko zein besteko etorkinak areagotzea aurreikusten da". Bigarren atal nagusiak lana, bizitegi. etxebizitza, hezkuntza eta gizarte-laguntzen arloetako egoera aztertzen du.Kasu honetan, aztertutako datuek adierazten dute atzerriko jatorriko biztanleak direla etxebizitza bat eskuratzeko arazo handienak dituzten biztanle-taldeetako bat, eta alokairuaren sektorean kontzentrazio handiagoa dutela. Halaber, atzerritar jatorriko pertsonek gizarte-zerbitzuetan egindako eskariak gora egin zuen 2012. urteaz geroztik, batez ere krisi ekonomikoak eta haren ondorioek eraginda, eta, horren ondorioz, DSBEa jaso du halabeharrez legokiokeena baino gehiago. "Horrek agerian uzten du pobrezia ez dela ausaz banatzen, baizik eta modu diskriminatu etapartzialean eragiten diela kolektibo jakinei", nabarmendu dute Foru Aldundiatik.

Lan merkatuari dagokionez, azken urteetan izan den suspertze ekonomikoak kolektibo horren langabezia murriztea ekarri du, baina txandakatze indizea handitu egin da kualifikazio txikiko enplegu ezegonkorretan. Azkenik, unibertsitateaz besteko hezkuntza sisteman, aldeak daude eskualdeen artean, eta kolektibo horretako kideak ugariagoak dira Kanpezu-Arabako Mendialdean, GuardiaArabako Errioxan, Arabako Lautadan eta Gasteizen. D ereduan matrikulatzen dira ikasle atzerritar gehienak eta gehienek sare publikoan egiten dituzte ikasketak" adierazi eta erantsi dute: "Espainiako estatutik heldutako ikasleei dagokienez, kopuru handiagoa dago sarepublikoan kontzertatuan baino, baina bi sareen arteko banaketa orekatuagoa da gainerako kanpotarren kasuan baino".

Hirugarren atalak Araban bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonen diskurtsoak eta kontakizunak jasotzen ditu. Horretarako, 17 eztabaida talde antolatu zituzten Araban bizi diren hainbat jatorritako pertsonekin. Hala, informazioa biltzeak hainbat alderdi ezagutzeko aukera eman du, hala nola migrazio-proiektuarekiko eta Arabako bizitzarekiko gogobetetasuna. Halaber, jakin ahal izan da integrazio-prozesuak positiboagoak direla landa-inguruneetan, eta seme-alaben etorkizunari ematen dioten garrantzia, gurasoen bizitza baino hobea izatea.

Laugarren eta azken atalean, euskal herritarrek Arabako etorkinei buruz duten pertzepzioei eta iritziei buruzkoa da. "Txosten hori 2018an aurkeztu zen eta hartan ondorioztatu zen immigrazioa ez dela arazoa Arabako herritarrentzat", diote Arabako Foru Aldundiatik. Zehazki ikerketako datuei begira, Araban, biztanleen %12 inguru etorkinak dira. Horietatik % 50,8 emakumeak dira eta gainerakoak gizonak.

2019ko datuen arabera, Aiaran biztanleriaren % 7 inguru etorkinak dira, Gorbeialdean bezala. Arabako Lautadan, immigrazioaren ehunekoa apur bat handiagoa da; %10 ingurukoa. Ehuneko hamar horretatik, oraingoan, gehiago dira gizon etorkinak emakumeak baino, alde txikiarekin izan arren. Zehazki, %53a gizonezkoak dira. Datu horiek Añanakoen antzekoak dira (%9ko immigrazioa; %54,2 gizonak eta %45,8 emakumeak).

Kanpezun immigrazioaren ehunekoa zertxobait gehiago jaisten da, ehuneko zazpira zehazki, eta ez dago ia alderik iritsitako gizonen eta emakumeen artean. Izan ere, %53 gizonak dira eta gainerakoak emakume etorkinak, ikerketaren arabera.

Amaitzeko, Guardiaren kasuan datuek islatzen dutenez, immigrazioaren ehunekoa ehuneko hamaikatik gora hazi da, gizonezko gehiagorekin, nahiz eta datu antzekoak izan emakumeen eta gizonezkoen kopuruan.

%12,10

Ikerketaren arabera, herritarren %12,1 atzerritarrak dira. Horietatik, ia %49 gizonak dira.

%50,80

Arabako etorkin guztien erdia baino zertxobait gehiago emakumeak dira. Zehazki, % 50,8a.

%13,20

Gasteizko koadrilan, % 3 inguru etorkinak dira, hiriko ehunekoaren antzekoa.

%51,10

Ehuneko horretatik, %51,1 emakumeei dagokie, hiritik lortzen diren antzeko datuak.