- Gasteizko udalak jardunbide egokien dekalogo bat zabalduko du nekazaritza eremuan, udalerriko parke, bide eta herrietara hurbiltzen direnek zenbait jardunbide egoki kontuan har ditzaten eta hartara "nekazaritza eremuaz, mendiez eta espazio naturalez goza dezaten, baina begirunez", helarazi du Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernandez de Landak.

Ildo beretik jarraituz, zinegotziak jakinarazi du, azkenaldian, "nekazaritza eremuetako bizilagunek kezka adierazi digute Gasteiz inguruan paseatzera hurbildu direnen artean errespetu gutxiko jarrerak ugaldu direlako, dela ezjakintasunagatik dela gizabide ezagatik. Duela egun batzuk hasi ginen pertsona horiek ohartarazten, baina orain agiri batean jaso nahi izan dugu, zenbait lekutan banatu ahal izateko", erantsi du.

Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak Gasteizko 63 administrazio-batzarrei eta kirol federazioei helaraziko die agiria, haiek beharrezkotzat jotzen duten lekuetan bana dezaten. Gainera, "komunikazio-kanpaina bat egingo du Udalaren ohiko hedabideetan eta irratian", Udaletik jakitera eman dutenez. Bestetik, zerbitzua Udaltzaingoarekin koordinatu da, zaintza areagotzeko helburuarekin.

Zinegotziaren hitzetan, arauak ondo errespetatu behar dira guztien mesederako. Gainera, arau horiek herritar guztiek errespetatu behar dituzte, eta ez gehienek bakarrik: "Landa eremuak duen guztia eskaintzen digu, baina hartaz gozatzeko begirunez hurbildu behar dugu, gutxieneko arau batzuei jarraituz". Eta erantsi du: "Gehienek badute ezaupiderik, eta zuzen jokatzen dute. Gutxi dira zikintzen dutenak, soroak edo bideak hondatzen dituztenak eta behar ez den lekutik eta gehiegizko abiaduran zirkulatzen dutenak, baina zoritxarrez haien eragina ikusgarriagoa da eta, batzuetan, arriskutsua denen segurtasunerako", azpimarratu du Miren Fernandez de Landak.