- 2. fasean sartu eta normaltasuna gertuago ikusten dute Gasteizko Kale-heziketako udal programan lan egiten duten hezitzaileek. Izan ere, Gizarte langileekin eta psikologoekin batera, kaleko hezitzaileak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako lantaldeetan dihardute. Gizarte politiken barruan kokatuta, programa hau kudeatzen duen entitatea Irse Araba da.

Bertan lan egiten duten bi hezitzailek, Idoia Martinez de Lahidalgak eta Jose Manuel Rodriguezek azaldu diote DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariari nola aldatu den haien eguneroko lana covid-19a dela eta eta orain, 2. fasean sartu berri dela Euskal Herri osoa. Beren jardunaren gakoa haur eta gazteekiko harreman zuzena da, non, eta beren ingurunean. Hezitzaileek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak hirian zehar banatzen diren zona guztietan aritzen dira. "Ez dago jardueren aldez aurreko planifikaziorik, hezitzaileak harremanetan hasteko, erlazionatzeko eta esku-hartzeko modu indibidualizatuak garatzen baititu. Esku hartzeko metodologia banakako eta familiakoa da, ikuspegi taldeko eta komunitario batetik abiatuta", azaltzen du Gasteizko Udalak bere web orrialdean.

Bi hilabete hauetan, konfinamenduan, zaila izan da haien lana. Normalean lanean dabiltzaten 23 hezitzaileak binaka joaten dira haien zonaldeetara arrisku egoeran egon daitezkeela pentsarazten duen arazoren bat duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteentzat bideratutako programa hau egiteko, baina konfinamenduan deiak egiten zituzten erregistro bat eramateko, eta ekimenak online egiten zituzten, bideo-deien bidez. "Orain ikus ditzakegu eta egiaztatu dezakegu deien bidez egindako erregistro hori", dio Rodriguezek.

Izan ere, kaleko lana berreskuratu dute, eta horrekin aurrez-aurreko kontaktua kasu batzuetan, segurtasun neurri guztiekin -ekipamenduarekin batera, orain pantailak ere erabiltzen dituzte-. " Orain arte, era birtualan egin dugu segimendu hori, eta orain kasu batzuetarako ere online egiten jarraituko dugu. Izan ere, hiru kasu daude orain: segurtasun osoarekin irteteten diren pertsonak, kalera irtetean neurri guztiak errespetatzen ez dituztenak eta oraindik kalera irten ez direnak. Horregatik, orain era birtualean, irekian (kaletik, etab.), eta itxian (ekitaldiak 4-5 gazterekin eta etxeetan bisitak) egin ditzakegu", adierazten du Martinez de Lahidalgak.

Denbora honetan, zenbait ekimen egin dituzte. Batzuk marrazkiak egiten zituzten bakarrik dauden adineko pertsonentzat, eta zonalde batzuetan covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriak beste hizkuntzetara itzultzen zituzten 16 urtetik gorako gazteek. Idoiak eta Jose Manuelek argi daukate gainera auzo elkarteak ezinbestekoak direla. "Zonalde gehienetan komunitatearekin lotuta gaude: auzo elkarteak, aisialdikoak, eskolak, etab. Orain, kalean gaudela, komunitatean ere egin behar dugu. Saretutako agente guztiek eman beharko diogu erantzuna gertatzen ari denari. Ez deskonektatzea garrantzitsua da orain; bestela deskonfinamendua zaildu daiteke", diote.

Biak ados daude ere 3. fasea heltzen denean aukera gehiago izango dituztela, eta talde lana errazagoa izango dela -segurtasun neurriak errespetatzen jarraituz-. "Oraindik talde handietan lan egitea zaila da, eta gero ere dago komunitatearen kontua. Izan ere, aurten ez dira auzoetako jairik egongo baina beste ekimen batzuk egon daitezke gazteek parte hartzeko", azpimarratzen du Rodriguezek. 3. fasea ere "onuragarria" izan daiteke kalera oraindik irteten ez diren gazte eta umeak irtetera animatzeko. "Segurtasun neurriekin jarraituko dugu, baina hasiko gara normaltasun pixka bat berreskuratzen", diote.

Zentzu horretan, pertsona bakoitzaren erritmoak errespetatzen dituztela argitu nahi dute, eta horregatik "egiten ditugun bisitak, zonalde batzuetan egiten duten moduan, adibidez marrazkiak batzeko izango dira. Horrek ere lagungarria izan daiteke nahiz eta etxean egon atera irteteko eta bertan beste pertsonekin egoteko, marrazteko eta batez ere pentsatzeko", dio amaitzeko Rodriguezek.

Konfinamendua. Konfinamenduan deiak eta bideo-deiak egiten zituzten erregistro bat eraman ahal izateko eta gazte bakoitzaren egoeraren berri ere izateko.

2. fasea. Sartu berri diren bigarren fase honetan, segurtasun neurri guztiak hartuta, kalean lan egiten hasi dira berriro, eta beste ekimen batzuk ere berreskuratu dituzte; hala nola, talde txikietako lanak.

3. fasea. Euskal Herria hirugarren fasean sartzen denean espero dute talde lanak erraztea, eta horrekin batera momentu honetan kalera irteten ez diren gazteak irtetera animatzea.

Kaleko hezitzaile honek dio deskonfinamenduaren 3. fasea onuragarria izango dela, adibidez, talde lanak egiteko.

23

Irseko 23 hezitzaile daude orain lan egiten, eta zonalde bakoitzean bikoteka dabiltza, 8 eta 18 urte bitarteko gazteekin Kale-heziketako udal programan murgilduta.