- Familia batean amak edo aitak bakarrik jakin arren, haurrarengan euskararen erabilera bultza daiteke dio Iñaki Eizmendik.

Familia batean amak edo aitak bakarrik baldin badaki euskaraz, euskararen erabilera susta daiteke?

-Gurasoetako batek soilik badaki euskaraz, berak seme-alabekin duen harremana euskaraz izan daiteke. Hau da: gurasoetako batek euskaraz egin dezake eta besteak erdaraz. Hau oso ohikoa da eta ez dago horretarako arazorik. Euskaraz ez dakiena aurrean dagoenean ere, elkarrizketa seme-alabekin bada euskaraz egin dezake. Hau da, harremana euskaraz finkatzen saiatu daiteke. Aldiz, elkarrizketa etxeko guztien artekoa denean, denek dakiten hizkuntza erabiliko dute. Hainbat eta hainbat familietan gertatzen da hau, eta oso modu naturalean egiten da. Erraz ohitzen gara horrelako egoeretara. Gurasoetako batek euskara egiten badie, euskararekin harremana indartsua izango da txikitatik, eta gainera euskara aberatsa eskaintzeko aukera ere izan dezakegu: abestu, ipuinak kontatu...

Eta ez badakite ezer?

-Gurasoek ez badakite euskaraz ezingo diete hizkuntza hori transmititu, baina asko lagundu diezaiekete seme-alabei. Hasteko, etxeko hizkuntza edo hizkuntzak zaindu. Etxeko hizkuntza da eleaniztasunera iristeko abiapuntua. Zenbat eta aberastasun hobea lehen hizkuntza horretan orduan eta oinarri hobea beste hizkuntza batzuk ere ikasteko. Beraz, zaindu etxeko hizkuntza eta abestu, ipuinak kontatu, esaera zaharrak eta bururatzen zaigun guztia. uskararekin harremana ere zaintzea komeni da. Euskarak ez du soilik eskolako hizkuntza izan behar eta ikusi behar dute hainbat egoeretan erabiltzen dela eta hizkuntza baliagarria eta erakargarria dela. Horretarako etxean euskararen lekua zaindu dezakegu, eta hau ez da zaila: telebista euskara ere jarri, euskarazko musika jarri edo ipuinak euskaraz entzuteko aukera eman sareko baliabideak erabiliz.