GASTEIZ - Hamar langile edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa %30,1era igo da 2018an Euskal Autonomi Erkidegoan, Eustatek egindako datuen arabera. Enpresa horien %25,7k finantzaketa publikoa jaso zuten. Izan ere, enpresa berritzaileek erakunde publiko baten edo gehiagoren finantzaketa publikoagatik laguntzak jaso ditzakete, nahiz eta jatorria aztertuz gero, Eusko Jaurlaritzakoak nabarmentzen diren, %17,6ra helduz. Bi berrikuntza motak aztertuz gero, produktuaren berrikuntza %18,1ek egiten dute, eta prozesuaren berrikuntza %27,9k. Espainian, 10 langile edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa %20koa da, EAEn baino ehuneko 10 puntu txikiagoa.

Eustatetik beraien txostenean azaldu duten bezala, Foru Aldundiek eta toki administrazioek enpresa horien %9,1 eta %4,3 finantzatzen dituzte, hurrenez hurren. Estatuko Administrazioak Euskal Autonomi Erkidegoko enpresa berritzaileen %4,4ri laguntzen die; enpresen %5,3k, berriz, Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen dute. "10 langile edo gehiago dituztenen kasuan, % 48,1ek laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta Eusko Jaurlaritza da, halaber, tamaina horretako berrikuntza-gastuak dituzten enpresen kopuru handiena finantzatzen duena, zehazki % 36,0. Foru Aldundiek eta toki administrazioek %18,9 eta %7,9 finantzatzen dituzte, hurrenez hurren; Estatuko Administrazioaren finantzaketa, berriz, 10 langile eta gehiagoko enpresen % 15,4ra iristen da. Bestalde, %10,7k Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen du Horizon 2020 programaren bidez, eta %8,9k beste finantzaketa-mota baten bidez", adierazi dute txostenean.

Azterlan horren arabera, enpresa askok uste dute berritzea ez dagoela guztien eskura, dirudiena baino zailagoa delako. Zehazki, enpresen %53,4k uste du berrikuntza zailtzen duten faktore jakin batzuk daudela. Zailtasun horien artean, lehentasunen faktorea nabarmentzen da; izan ere, azterlanean ageri denez, "enpresaren barruan beste lehentasun batzuk" egon ohi dira, berrikuntzatik harago: berritzeko zailtasunaren ia %39 arazo horretan datza.

Baina hori ez da zailtasun bakarra berritzaileentzat. Eustatek egindako azterketaren arabera, arrazoi gehiago daude. Adibidez, %32,6k uste dute garestiegia dela, eta %27,3k "merkatuan lehia gehiegi dagoela".Beste arazo batzuk azaltzearren, "merkatuan lehia handiegia" dagoela (%27,3), "laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko zailtasunak daudela" (%25,5), eta "enpresa barruan finantzaketarik ez dagoela" (%24,9). Hamar langile edo gehiago dituzten enpresetan, jarduera berritzaileak egitea zailtzen duten faktoreak daudela uste dutenek ehuneko hori %61,7raino igo dute, aurreko oztopo berberak nabarmenduta.

Negozioa EAEko enpresek jarduera berritzaileetan egindako gastua 2.828 milioi euro izan ziren 2018an. Jarduera horietan, barneko I+Gko gastua %50,3 da, I+Gko Eskurapena (kanpoko I+G) %16,1 eta beste jarduera berritzaile batzuk gainerako %33,6a.

Azkenik, lan honetan azaldu dutenez, "produktu-berrikuntza duten enpresetan, negozio-zifra osoaren %36,4 produktu berritzaileetatik dator, eta aldatu gabeko edo pixka bat aldatutako produktuak gainerako %63,6ak dira. 10 langile edo gehiagoko enpresetan, ehuneko horiek zertxobait aldatzen dira; kasu horretan, %35,5ekoa da produktu berriek edo nabarmen hobetuek negozio-zifraren gainean duten batez besteko eragina".