Bada etxetik edo ikastetxetik pilotalekuetara doan bide bat. Eta bide hori euskal pilotan aritzen diren hainbat eskola-kirolarik ondo baino hobeto ezagutzen dute, eta badakite ere, eta horrexegatik urratzen dute hainbeste bide hori, pilotalekuak eta pilota aisialdia igarotzeko eta kirola egiteko txoko ezin aproposagoak direla. Bidea egon badago, baina belaunaldi berriak behin eta berriz agertzen dira, eta ez dago soberan, noizbehinka, ume hauei eta haien gurasoei bide hori bertan dutela gogoraraztea, pilotalekuek eskaini ahal dieten guztia erakutsiz.

Topaketak

Joan den larunbatean Mendizorrotzan, Olabe pilotalekuan hain zuzen, Arabako euskal pilota elkarteak antolatutako benjaminaurrekoentzako topaketa bat burutu zen, pilotalekura doan bide hori kirolari gazte hauek eta haien gurasoek ere ezagut dezaten. Goizean zehar bertan bildu ziren haurrak, 80 inguru, pilota anitzean aritzeko aukera izan zuten, esku pilotara, zestara eta palara hurbilduz jolasen bitartez.

Aurten, lehenengo aldiz, topaketara hurbildu direnak pilota elkartetatik etortzeaz gain, ikastetxeek eskolaz kanpoko jardueren programazioetan eskaintzen duten kirol anitzeko taldetatik ere etorri ziren. Goizeko helburuak: ongi pasatzea, euskal pilotaz gozatzea, euskal pilotaren modalitateak ezagutzea eta beste pilotariekin jolastea.

10.30ean parte-hartzaileak lau taldetan banandu ziren, eta talde bakoitza frontoian antolatutako lau txokoetako batera hurbildu zen. Txoko bakoitzean begirale zuten zain jarduera hauetako batean aritzeko: zesta pote, pala, esku eta jolasak. Jardueran hogei minutu eman ondoren, taldeak hurrengo txokora hurbiltzen dira eta horrela, goizean zehar, ume guztiek modalitate guztiak probatzeko aukera izan zuten.

Zati hau amaituta, 12.00ak inguruan, txikietako batzuek lagunarteko partidak jokatzeko aukera izan zuten ere. Esku-pilota eta pala partidak binaka jokatzen ziren eta pilotari gazte hauek pilota partiden inguruko erritualak ezagut zitzaten balio izan zuten, baita kantxan kokatzeko eta euren lehen tantoak borrokatzeko ere.

Hurrengo topaketak

Lehen topaketa honetan parte hartzerik izan ez bazenuen, gogoratu: Urtarrilak 21ean eta Otsailak 18an topaketak bueltatuko dira.