«Pozik, gogotsu eta alai», horrela laburbiltzen du Nerea Escolarrek, Ganiveteko eskolaz kanpoko ekintzen koordinatzaileak, nolakoa izan den ikasturte honetako jardueren hasiera, «aurten, behingoz izan dugu urte normal bat. Egia esanda, pandemia dela eta aurreko kurtsoak nahiko gogorrak izan dira eskaintza prestatzerakoan, eta aurrera eramaterakoan. Eta aurten behingoz hasi gara normaltasunez. Esan ahal dugu, eskaintza osoa prestatu eta aurkeztu dugula eta aurreikusitako ekintza guztiak gaudela aurrera eramaten. Bazen garaia, eta pozik gaude», azaldu du Nereak.

Eskaintza

Hogei jarduera baino gehiago osatzen dute ikasturte honetan Ganiveteko eskolaz kanpoko jardueren eskaintza, bi ardatz nagusi dituena: kirol eskaintza eta eskaintza kulturala. «Kirol eskaintzan batez ere jarduera anitza sustatzen dugu, hau da, 1. mailatik 4. mailara umeek izango dituzte aukera desberdinak —kirol desberdinak, motrizitatea, jolas desberdinak, oreka eta abar— haien habilitatzeak sustatzeko. Horretarako, tarte horretan kirol anitza egiten dute. Lehenengo mailan eta bigarren mailan kirol anitza bakarrik da. Aurrerago, 3. eta 4. mailan jada espezializazio bat sartzen da —multipatinajea, multisaski, multifutbola, multi pilota…— eta 5. eta 6. mailan jarduera horietan izandako eskarmentuarekin, jada erabakitzen dute kirol bakarra: Saskibaloia, futbola, areto futbola, pala eta eskuz, edo patinajea», azaldu digu Nereak, eta jarduera kulturalei dagokienez «eskaintza kulturala ere proposatzen dugu, eta horretan, umeen nahiak eta beharrak saiatzen gara asetzen, eta hortxe sartuta daude: Art Attack, eskulanak, Lego-robotika eta ingelesa».

Berritasunak

Nahiz eta jarduera guztiak oso finkatuta egon, ikasturte honetan berritasun pare bat aurki dezakegu antolatutako eskaintzan: «Aurten gazte patinajea sartu dugu. Orain arte beti egiten genuen patinajea elkarrekin, txikiak eta gazteak batera. Baina partaidetza ikusita eta gure gazteen iritzia kontuan hartuta, jarduera banatu dugu bi taldeetan: txikiak alde batetik eta nagusiak bestaldetik. Gazte-patinajea arrakastatsua izan da, oso arrakastatsua», nabarmendu du koordinatzaileak Beste aldetik ere, talde berri bat daukagu Ganiveten, «aurten da lehenengo aldia ateratzen dugula areto futboleko talde bat. Inguruan futbolean aritzen diren klub nahikotxo daude, baina, bueno, gure ikasle guztiek ez dute nahi futbola bakarrik, eta orduan areto futbola pixka bat gertuagoa denez eta barruko eremu batean jokatzen denez, aukera ona iruditu zaigu eta aurten aurrera atera dugu…».

NAJLAE, IKASLE OHIA

Najlae begirale lanetan aritzen den Ganiveteko ikasle ohia da. Ikastetxean zegoelarik, eskolaz kanpoko jardueretan ere hartu zuen parte, judoa egiten.

Hemen ikaslea izan zinen…

Duela bi urte bukatu nituen batxilergoko ikasketak eta hasi nintzen hemen multitxikirekin, gero eskaini zidaten patinajea ematea, eta hemen nago super gustura.

Nola ikusten dira gauzak beste aldetik?

Oso ezberdina da... hasiera batean, txiki bat izanda begiralea laguntza eskatzen diozun pertsona garrantzitsua bezala ikusten duzu, eta orain berriz, begirale lanetan, ikusten dituzu zure umeak bezala... naturalagoak. Haurtzaroa atzean utzi duzu, aldatu zara, eta orain haiek ikustean, egiten dutena eta nola egiten duten, ez dakit, zure baitan naturaltasun horren falta sentitzen duzu...

ARETO FUTBOLEKO TALDE BERRIA

Lehenengo aldiz sortu da Ganiveten areto futboleko talde bat. Pasa diren ikasturtetan beste jardueretan ibili dira (gitarra eta judo aipatzen dituzte), baina ea areto futboleko taldea ateratzeko gogorik zeuzkaten galdetzean denok batera baietz erantzuten dute. Judimendiko gizarte etxean entrenatzen dira, eta bertan taldearekin egon gara hizketan.

Eta zergatik areto futbola?

Gustatzen zait futbola, eta beste jardueretan lau urte neramatzan eta gauza berri bat probatu nahi dut.

Ni txikitan egon naiz talde batean, eta gustatu zitzaidan, gainera futbolean egunero hamabost minutu edo praktikatzen dut eta aukeratu dut talde hau lagunak daudelako.

Gutxi daramazue entrenatzen, zer moduz entrenamenduak?

Oso ondo, gustura.

Baloia oso gogorra da, baina ondo.

Larunbat honetan hasiko zarete lehiatzen...

Irabaziko dugu!

Ondo pasatuko dugu!

Baloia gogorra dela esan didazue, zer gehiago da gogorra entrenamenduetan?-Niri paseak ondo egitea kostatzen zait.

Zailena da regateak egitea eta baloia jaurtitzea.

Baloiak ez du boterik egiten, eta zailagoa da altxatzea.

Zailena gola sartzea da!