Duatloi goiza joan den igandean Buesa Arenaren inguruetan bizi zena. La Blanca klubak antolatuta bertan ospatu zen Gasteiz Duatloiaren bigarren edizioa. Lehen edizioak izan zuen arrakasta ikusita, duatloia berriz itzuli zen kategoria federatu eta herrikoian, eta aurten lehenengo aldiz, txiki kategoriako kirolarientzat ere. «Gure klubean beti egon da tradizio handia bai triatloian bai duatloian —Urko Herrán eta beste kirolari batzuk egon dira munduko txapelketetan— eta Buesaren ingurua oso erosoa da holako probak antolatzeko. Aurten, Urtzirekin hizketan (Urtzi Barandiaran, Arabako Triatloi Federazioaren presidentea) erabaki genuen duatloi txikiarekin hastea, beraiek ere txapelketa honetaz goza dezaten», azaldu digu La Blanca klubeko zuzendari teknikoak, Ander Pérez, eta kirol honen onurei buruz «ariketa fisikoa beti izaten da ona, bai gorputzari dagokionez, bai adimenari dagokionez. Osasungarria da, sozializatzailea... eta, zehazki, triatloia eta bere azpi-diziplina den duatloia, maila fisikoan eta motrizitatean eragina duten kirol bete-beteak dira», gehitu du Anderrek.

Probak

Goizeko 10.30ean heldu zen gazteenen txanda, 10 eta 13 urte bitartekoak. Hasteko txiki kategorian parte hartu zuten kirolariek 400 metroko lasterketa zuten aurrean, Buesa Arenako kupulan amaitzen zen zirkuitu batean. Bertan zain zeukaten bizikleta hartu behar zuten eta ziztu bizian atera 1100 metroko txirrindularitza proba burutzera. Zirkuitu hori amaituta, bizikleta utzi eta beste 400 metroko lasterketa egin behar zuten, Buesako kupula azpian zegoen helmugaraino, proba bukatzeko.

Balorazioa

«Kategoria txikirako, maila guztietarako egokia den zirkuitu bat egin dugu, nahi zuten guztiek probatu ahal izan zezaten. 46 bat kirolarik parte hartu dute eta balorazioa oso positiboa izan da. Haiek, gurasoak bezala, oso pozik daude emaitzarekin», esan digu Anderrek. Hain zuzen ere, teknikariak azpimarratzen duen puntuetako bat hau da: «Klubean uste dugu garrantzitsuagoa dela kirolean hastea eta prestakuntza tekniko eta sozial ona izatea, hasieratik materialean diru-gastu handia egitea baino».

JOANA

La Blanca triatloi taldeko kirolari honek 11 urte ditu, eta triatloian aritzeaz gain, karatea ere egiten du. Ez da duatloi txapelketa batean parte hartzen duen lehenengo aldia «Mendizorrotzan ere egon naiz lehiatzen», baina hala ere, lehiaketa eguna heltzen denean beti «urduri jartzen naiz, pixka bat besterik ez», aitortzen du.

Igandean bete behar izan zituen proben artean korrika egitearena zen errazena suertatu zitzaiona, «korrika egitea gustatzen zait, niretzat bizikleta da gogorrena», eta igandeko duatloia zer iruditu zaion galdetzean «gogorra, jende ona egon da, eta horrek maila igo du», erantzun digu.

MIKEL

11 urte ditu Vibike klubeko kirolari honek. Nahiz eta honelako txapelketetan eskarmentua izan (Durangon, Errioxan eta beste lehiaketa batzuetan egon da lehiatzen)urduritasun «pixka bat» izan du proba honetan parte hartu baino lehen. «Proba ondo egon da, zirkuituak ere ondo egon dira» esan digu, «gogorrena korrika lasterketa izan da niretzat». Aitortzen digu korrika egitea dela kirol honetan gutxien gustatzen zaiona, «bizikleta da gehien gustatzen zaidana». Eta entrenamenduez hitz egiterakoan, bizikleta berriz aipatzeaz gain, klubeko lagunekin egotea ere gustukoa duela kontatu digu.