Duela zenbait urtetatik hona, Arabako Golf Federazioak kontzentrazio-egutegi bat ezartzen du neguan sortzen den txapelketa eta klaseen jaitsiera nolabait arintzeko. Azarotik martxora hainbat irteera egiten dira, eta horrela eskola-kirolariek handicap-a eguneratzen jarrai dezakete.
Denboraldi honetan 6 jardunaldi burutu dira eta joan den larunbatean Larrabeako golf zelaian azken irteera jokatu zen. Denboraldian zehar, eskola-golflariak bi taldetan banatzen dira: bata, larunbatetan zelai ofizialera 9 zulo jokatzera irteten diren 36 jokalarik osatzen dute, eta bestea, 24 neska-mutilena, igandetan zulo laburragoak jokatzen ditu. Azken hitzordurako, ordea, Legutianoko zelaian elkartu ziren guztiok batera, kirol-jardunaldia jokatzeko eta, sari-banaketa egin ondoren, golf giro onaz beteriko askariaz gozatzeko.
Denboraldi honetan euririk ez egotean, ez da jardunaldirik bertan behera geratu, eta zelaiak egoera ezin hobean egon direnez, geratu den aho-zaporea bikaina izan da Larrabea, Izki eta Jundizeko haurrentzat, haiek hartu baitute parte aipatutako jardueretan. «Eguraldia funtsezko osagaia da, lagundu gaitu eta joko egun oso onak izan dira», adierazi du Aitor Gorospe Federazioko eskola kirolaren arduradunak. «Jendeak asko aldatu ditu handicap-ak, eta horrek esan nahi du ondo jokatu duela eta askok hobetu egin dutela», gaineratu du.
Sailkapena
Bederatzi zulotara jokatzen dituzten golf-jokalari nagusien artean ligaxka bat egiten da, eta bertaratzea eta handicap-a saritzen dira. Jardunaldi bakoitzean puntuazio batzuk ematen dira, sailkapen bat egiteko balio dutenak. Denboraldi honetako 6 jardunaldien ondoren, Jorge Alfaro eta Adrian Ruiz de Arbulo, biak Larrabekoak, hirugarren eta bigarren izan dira, hurrenez hurren, eta Jone Alonsok, berriz, lehen postua lortu du.
Bestalde, zelai motzean jokatzen dutenen artean, puntuazioak banatzeko kontuan hartzen dena irteera bakoitzean egiten den kolpe kopurua da: zenbat eta kolpe gutxiago, orduan eta puntu gehiago. Hirugarren postuan berdinketa bat egon da aurten, azken jardunaldi honetan argitu dena, Ander Ortiz de Zarate hirugarren sailkatua izatea lortuz. Xabi Ochoa de Retana izan zen bigarrena eta Jon Monje lehen sailkatua.
Helburu berriak
Kontzentrazioak amaitu ondoren, beste lehiaketa batzuetan jarri behar da arreta. Joan den martxoaren 13az geroztik, haur mailako Kluben Arteko Liga jokatzen ari da, eta Arabako Federazioak talde gisa parte hartzen du, Jaizkibel, Neguri, Zarautz, Laukariz, Basozabal eta Euskadiko Federazioko talde konbinatu baten aurka. Talde bakoitza sub-18 gizonezko eta emakumezko jokalari batez, eta 4 haur, kimu eta benjamin jokalariz (bi mutil eta bi neska kategoria bakoitzean) dago osatuta.
Horiek guztiak klubeko gazte ordezkariak zuzentzen ditu eta teknikari baten laguntza dute. Lehen jardunaldia, martxoaren 15ean Negurin egindakoa, ez zen oso ona izan arabarrentzat, Jaizkibelen aurkako lehian 27-3 galdu baitzuten. Bigarren jardunaldian, Basozabalen jokatu zena, gauzek hobera egin zuten eta jokoan zeuden 33 puntuetatik 15 Arabara etorri ziren eta 18 Zarautzera.
Araba-Errioxa
Emakumezko benjamin eta kimuak binaka jokatzen dira, eta gainerako jokalariak (haurrak, gizonezko kimu eta benjaminak) banakako partidak. Lehenengo bi hitzorduen ostean, federazioko arduradunak zera erabaki du: «Parte hartzera bideratutako txapelketa denez, 7 jokalariko oinarria izango dugu, eta gainerakoan ahalik eta jende gehienak parte har dezan saiatuko gara, esperientzia hori oso ondo etorriko baitzaie».
Kluben arteko hurrengo hitzordua heldu bitartean, arabarrek Match sub-14 Araba-Errioxa jokatuko dute, irabazleen trofeoa berriz eskuratzeko eta hurrengo urteko ediziora arte zaintzeko asmoz. «Apirilaren 10ean ospatzen da, eta egun bakar batean 7 partida jokatzen dira, 4 banaka eta 3 bikoteka», azaldu du Aitor Gorospek. Hitzordu horretarako, 10 titular eta 2 erreserba dituen talde bat osatu du, «Itxura oso ona duena». Arabako Haur Mailako Txapelketa, apirilaren 21ean Zuian, eskola-golfaren beste hitzordu interesgarri bat izango da.