Asteburuetako goizetan, dendak eta tabernak nagitasunez esnatzen ari diren bitartean eta kaletatik pertsona gutxi batzuk txakurra paseatzen besterik ez dagoenean, bada leku bat martxa betean dagoena, kirolari gazteek bere zereginetan gora eta behera bertan dihardutela. Baina joan den larunbatekoak zerbait arraroaren susmoa pizten du... non daude betiko talde ekipazioak? non entrenatzaileen oihuak? eta, batez ere... zer egiten du untxi arrosa eta handi batek mikrofonoarekin partiduak iragartzen?

Kantxan sartu eta DJ bat giroa berotzen ikusteak susmo txarrak handitzen ditu, zoratu al gara? Hippy batek baloia jaurtitzen du eta hawaiiar batek aurre egiten dio; Marvel-ek oporrak eman die bere superheroiei eta denek erabaki dute eskubaloia modu onena dela larunbateko goiza igarotzeko; gnomoak egiptoarrekin adostu dira partidu bat jolasteko; hondartzainak eta behiak, Darth Vader eta Stormtrooperrak, egurgileak eta pottokiak... zer ote da guzti hau?

Carnabalonmano

«Helburu nagusia lehiakortasuna eta emaitzak alde batera uztea da, barruan dugun umore ona eta dibertimendurako gogoa ateratzea, eta, jakina, mozorrotuta egitea», esan digu Arturo Iglesiasek, Arabako Eskubaloi Federazioko presidentea, eta antolakuntzari buruz: «Federazioan 40 bat pertsonaren laguntza izan dugu jarduera aurrera eramateko, Coras eta Eharialdea eskubaloi-klubetako begirale, entrenatzaile, maila nagusietako jokalari eta gurasoen artean».

Eta lan horren emaitza 300 kirolari gazte inguru parte hartzean gauzatu zen. Goizean zehar eskubaloi partidak era dibertigarri batean jokatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiak, adinen arabera banatuak. Partiduak jokatzeaz gain, klase guztietako jokoek osatu zuten jardunaldia: soka-tira, aulkien jokoaren modalitate bat baina uztaiekin, linboa, lasterketak arrautzarekin eta koilaratxoarekin, sokasaltoa... Eta horrela igaro zen Arabako eskola-eskubaloiaren hitzordu dibertigarrienetako bat, urtebeteko nahitaezko atsedenaren ondoren sasoi betean itzuli dena.