Eskuko minaren beldur dira esku pilotan aritzen direnak, zaintzen ez bada, kirol horretaz gozatzea eragozten duten arazoak ekar baititzake. Ez da Zaramaga Pilota Elkartearen kasua, eskuzko osasun bikainaz gozatzen baitu, eta urte asko lanean egon ondoren eta pilotalekuko hitzordura huts egin gabe, bere eskuak, bertan aritzen direnen erreminta, primeran eta sasoian jarraitzen dutela esan genezake. Denboraldi honetan 70 bat dira klubeko kideak eta Mikel Isasmendiren eta Iñaki Madrazoren eskuetan jartzen dira. Isasmendi duela 3 urte iritsi zen Zaramagara eta Juan Miguel Bordege presidentea oso pozik dago bere lanarekin. "Entrenatzaile nagusia da, eskola mailakoen zein federatuen entrenamendu guztiak zuzentzen ditu, eta Iñaki Madrazo, berriz, eskolakoekin aritzen da", azaldu du presidenteak, eta lan egiteko modu horren onurak nabarmendu ditu: "Dena kontrolpean izatea ahalbidetzen du: progresioak ikustea, mailaren arabera entrenamenduak egokitzea... Pilotari guztiak ezagutzen ditu, txikienak eta nagusienak, eta horrek ikuspegi orokor bat eskaintzen du lana antolatzerakoan". Eta Madrazok eskolakoekin egiten duen lanak aukera ematen du, gainera "Txikienei arreta ona emateko, behar denean taldeka banatzeko modu egokienean aritzeko".

NESKA GEHIEN DITUEN KLUBA

Isasmendiren eta Madrazoren eskuetan 38 haur daude denboraldi honetan. Kluba da, gainera, esku pilotan neska gehien dituena, eta presidenteak ere hori azpimarratu nahi du, eta Leire Garai pilotariaren adibidea, Arabako federatu bakarra, aipatzen du: "Klubeko neskentzat oso garrantzitsua da erreferente hori edukitzea; entrenatzera animatzen dira, imitatu nahi dute, eta, gainera, Leirek asko hitz egiten du haiekin, argazkiak ateratzen dira€ oso presente dago", nabarmendu du Bordegek. Leire Garai 6 urterekin hasi zen klubean eta orain 14 neskatok jarraitzen dute bere bidea eta astero frontoira joaten dira entrenatzera eta kirol honekin zerikusia duen guztia ikastera. Horiekin batera, 24 mutilek, benjamin aurreko kategoriatik kadete mailaraino, prestakuntza lan hori egiten jarraitzeko aukera ematen diote klubari, nahiz eta aurten nahi baino ikasle gutxiago sartu diren. "Pandemiarekin ez zaigu jende berririk iritsi kategoria gazteenetan", azaldu du presidenteak. "Ikasturtea hasten denean, iraila aldera, ikastoletatik saioak egiten ditugu, eta hori da gure harrobi nagusia. Gure entrenatzaileak bidaltzen ditugu eta heziketa fisikoko eskola batzuk ematen dituzte, txikienek pilota probatzeko aukera izan dezaten, eta baten bat klubera etortzera animatzeko". "Aurten ezin izan dugu egin, eta nabaritu da", deitoratu du. "Datorren urtean ahalegin handiagoa egin beharko da aurten etorri ez direnak etortzeko... eta gehiago!", esan du humorez, baina nabarmendu nahi du klubak ez duela haur asko pilatzeko asmorik, prestaketa ahuldu egin daitekeelako. "Orain dugun taldea, 40 ingurukoa, gure puntu gorena da taldeka banatu ahal izateko eta arreta egokia izan dadin, orduak ere mugatuta baititugu".

HELBURUAK

Txikienentzat Zaramagan duten helburua asko jokatzea da, "Frontoian egotera ohitu daitezela, pilota bat zer den ikustera". Isasmendik eta Madrazok zuzentzen dituzten entrenamenduetako protagonistak harrapaketa, zirkuituak eta kirol honetan sartzeko aukera ematen dieten jokoak dira. Entrenamendu horietan, taldeak nahasten dira eta modalitatearekin ohitzen dira. Kimu mailatik aurrera, gauzak aldatzen joango dira eta, pixkanaka, teknika ikastea egokituko zaie, eskuinarekin eta ezkerrarekin jotzea, boleak, kantxan mugitzea€ baina beti gozamenaren perspektiba galdu gabe. "Klubaren helburua ez da profesionalak egitea, klubaren helburua neska-mutilek pilotaz gozatzea da. Biharko egunean profesional izatera iristen badira, ospatu egingo dugu, baina helburua ahalik eta denbora gehien jokatzen frontoi batean egotea da", kontatu du Juan Bordegek. Zaramagako elkarteak pilotalekua eraberritzeko erronka ere aurrean du, Gasteiz Hobetuz-en proiektu bozkatuenetako bat baita. Instalazioaren irisgarritasuna hobetzea eta emakumeen aldagelak prestatzea izango dira obra egiten denean egingo diren hobekuntzetako batzuk. "Guretzat egokia litzateke udan izatea, geldialdi bat daukagulako gure jardueran, baina beste une batean bada, gure erritmoa ez gelditzeko irtenbideak bilatuko ditugu".