Idoia Ramirez de la Peciñak eta Ayla Sotak denbora asko zeramaten izotz-patinajearen munduari lotuta, baina urtero, uda iristean izotz-pista ixten zenez, praktikatzen jarraitzeko aukera bertan behera geratzen zen. Lagun batek Madrilera egindako bidaia baten ondorioz, patinaje artistikoa gurpil-lerroko patinekin egiten zuen klub bat aurkitu zuten. Konturatu ziren, hasiera batean, lerroko patinetan egokitzapen txiki bat eginez gero, modalitate hori modu merkeago eta askeagoan egin zezakeela. 2019. urtea zen, eta 4 pertsona zeuden.

Hainbat ikastetxetan patinaje klaseak ematen hasi ziren, eta aldi berean, izena ematen zutenak artistikoa probatzera animatzen zituzten. Hasi bezain laster 300€ inguruko berariazko patinak erosi behar ez izateko, lerroko patin arruntak egokitzen zituzten, «Takoa aurrera izan dezaten eta jauziak eta birak bezalako elementuak egin ahal izan ditzaten, handizkako tako batzuk erosi genituen, lerroko lehenengo gurpila kendu eta beste klub batean azaldu ziguten moduan lotzen genuen» gogoratzen du Idoiak, gaur egun modalitate honetan hasten den pertsona bakoitzarekin sistema bera erabiltzen jarraitzen duena.

Hasi ziren neska haietako askok patinak erosi eta aurrera jarraitu nahi izan zuten. Gehiago informatu ziren eta estatu mailan klub gehiago sortzen hasi zirela, kirol hau ofizialtzen zela eta horrek hainbat lehiaketa sorrarazten zituela eta irizpideak bateratzen zirela ikusi zuten, eta Idoiak eta Aylak pauso bat aurrera egitea erabaki zuten eta Illusion Inline Kluba sortu zuten, Euskadin zehazki gurpil-lerroko patinaje artistikoan aritzen den klub bakarra. «Zenbait klubek lau gurpil paralelo dituen ardatz baten gainean irrist egiten dute, eta horiek ere lerrokoan probatzen ari dira; beste batzuk, lerroko patinatzaileak, artistikoa egitera animatzen ari dira, baina klub gisa, klub bakarra gara» azaldu digu Aylak.

KLUBA

Gaur egun, Illusion Inline-n 2 monitore daude, Idoia eta Ayla, eta 20 pertsona inguruk praktikatzen dute: mutiko bat eta gainerako neskak. Txikienak 7 urte ditu eta 40 urtekoren bat badago. 3 taldetan banatzen dira: eskola mailakoak —benjamin mailatik kadeteraino— federatuen taldea eta lehiatzen ez diren baina jo eta ke entrenatzen duen taldetxo heldu bat.

Astearte eta ostegunetan Ariznabarrako Kiroldegian entrenatzen dute, asteazken eta ostiraletan Zabalganako ikastetxean, eta igandeetan Lakuako kantxa alokatzen saiatzen dira, federatuek entrenamendu espezifikoak izan ditzaten. Igandekoa Lakuan «ez da posible beti, kantxetan beste diziplina batzuetako partidak egoten direlako», azaldu dute, eta «astean zehar ondo datozkien egunetan etor daitezke: bat edo lau, nahi dutena edo ahal dutena, kuota aldatu gabe».

KIROLA

«Gurpil-lerroko patinaje artistikoaren praktika, oreka eta jariakortasun-ariketekin eta zirkuitoak egitearekin hasten da, ohituz joan daitezen» hala ere hasten direnei gehien gustatzen zaiena «koreografiak direla, oso entretenigarriak zaizkielako» aitortzen dute. Aurten ikasleek beren koreografiak erakutsiko dituzte Euskadi mailan beraientzat sortu den ligan. Illusion Inline-ko ordezkariak eta Miguel Unamuno ikastetxeko 15 neska lehiatzen dira, eskolaz kanpoko jarduera batean kirol hau praktikatzen hasi direnak. Federatuek, bestalde, eskualde, autonomia-erkidego edo nazio mailako lehiaketetan parte hartzeko aukera ematen dieten maila-probak gainditu beharko dituzte, nahiz eta antolatzen diren liga eta trofeoetan ere parte hartzen duten.

Aurten proposatu diren helburuen artean dago jada praktikatzen duten pertsonek garatzen jarraitzea, eta, jakina, kirol hori ezagutaraztea, hazten jarraitzeko. «Kalean jendea patinekin ikusten dugunean akrobaziaren bat egiten saiatzen, artistikoa probatzera animatzen ditugu. Batzuk moztu egiten dira koreografien kontu horiekin, baina beste batzuei erakargarria egiten zaie».

Gainera, promozioa egiteko, Gabonetan eta ikasturtearen amaieran erakustaldiak egiten dituzte. Erakustaldi horietan, euren eboluzioak erakusteaz gain, jendea patinak janztera eta probatzera animatzen dute. «Sare sozialetako hedapena, Udalarekin egiten dugun jardueraren bat eta eskaintzen zaizkigun aukera guztiak aprobetxatzen ditugu», esan digute Idoiak eta Aylak, entrenatzaileak izateaz gain, estatu mailan oso emaitza onekin lehiatzen direnak.