Denbora luzez lehiatu gabe egon ondoren, gimnastika artistikoa egiten duten haur arabarrek joan den larunbatean egin ahal izan zuten Arabako Federazioaren Gimnastika Artistikoko Torneoan. Ariznabarrako kiroldegiko saskibaloi kantxan beharrezko aparatuak prest zeuden Badajoz, Burgos, Coruña, Iruñea eta Palentziatik etorritako klubetako 108 gimnastek, goizez eta arratsaldez, euren burua probatzeko. Arabatik 60 bat gimnastak hartu zuten parte, Arabatxoko 30ek eta Aritzako 30ek, eta 6 aparatutan erakutsi zuten trebetasuna mutilen kasuan, eta 4tan nesken kasuan.
Publikoak deialdiari erantzun zion eta harmailetara itzuli zen kirol honetaz zuzenean gozatzeko, eta antolakuntzaren balorazioa ona izan zen. Lehiatu ahal izatea, lagunartekoa bazen ere, garaipen bat izan zen. «Egia esan, oso txukuna geratu da, beste urte batzuetan etorri den jendeak oso pozik dago, eta gure kirolarien gurasoak, baita», adierazi zuen Arabatxoko Maria Iturritxak, ekitaldiaren antolatzaileak. Federazio Txapelketa, gainera, beharrezkoa izan da hilabete honetan bertan abenduko Sortzez Garbiaren zubian Autonomikoa eta Espainiako Txapelketa izango direlako.
«Lehiaketa horiek jo-mugan izanda, haurrek lehiatzea behar genuen, zein mailatan dauden ikusteko, gainerako gimnastak nola dauden ikusteko, eta, horregatik, oso ondo etorri zaigu», azaltzen zuen teknikak, eta aitortzen zuen, abuztuko nahitaezko geldialdiaren ondoren «oso gogor lan egin behar izan dute hitzordu hau prestatzeko eta lehiaketa ofizialei begira zer zailtasun-mailak sartzen ditugun neurtzeko».
«Pixkanaka gimnasta lehiaketan sartzen joan behar da, aurrera egin dezan eta Espainiako txapelketara ondo prestatuta irits dadin. Baina azken denboraldi honetan lehiaketarik izan ez dugunez, torneo honetan dena oso bat-batekoa izan da, horregatik emaitzarekin pozik egon behar dugu», adierazi zuen.
Txapelketa oinarri-mailan, adinaren araberako 6 mailarekin, eta Villa Olinpikoa-mailan, 10ekin, banatuta zegoen. Oinarri-maila pixka bat sinpleagoa da eta Villa Olinpikoa talde nazionalera, elitera, bideratutako gimnastentzat da. Pandemiaren ondorioz, haur batzuek maila batean debutatu dute aurrekoan lehiatzeko aukerarik izan gabe, baina Arabako ordezkari askok lortu zuten domina bat eta bide onetik doazela erakutsi zuten. Villa Olinpikoa 6an Garazi López de Murga nabarmendu zen, sailkapen nagusian lehen postuan geratu eta lau aparatuetan lau urreak eraman baitzituen.
Villa Olinpikoan 8an iaz Espainiako Txapelketan taldeka kategorian hirugarren geratu ziren 4 gimnastak egon ziren. Federazio Torneoan Lucia Ochoa de Retana izan zen onena, sailkapen nagusian lehen postuan geratu zena eta urrezko domina, zilarrezko bi eta brontzezko bat lortu zituena. Gizonezkoetan, Villa Olimpica 7an, Ioritz eta Aketza Izquierdo bikiek hartu zituzten podiumeko lehen bi postuak. Open kategorian, hau da, maila gorenean, Marcos Vazquez nabarmendu zen.
Aitana, Maddi, Irati, Iraia, Nahia, Haizea, Eider, Estela, Emma...
Aritza eta Arabatxo klubetako kirolari gazteenetako batzuk dira (beheko argazkietan ikus ditzakezue kideen ariketak jarraitzen) eta larunbatekoa izan zen gehienentzat haien lehenengo aurkezpena torneo batean, publiko, epaile eta guzti. Bederatzi urte inguru dauzkate, eta ezustezko argitasuna goizean bizi dutenarekiko sentimenduak adierazteko: «Urduritasuna, batez ere hasieran, gero ariketan sartzen zara eta listo, desagertzen da», «entrenamenduen eta lehiaketaren arteko ezberdintasuna nabaritzen da: jendea, musika...».
Badirudi epaileen kontua haiek ikustean ala ez ikustean datzala: «Zoruko ariketan epaileak ikusten dituzu, eta horrek urduri jartzen zaitu. Aparatuetan ez dituzu hainbeste ikusten, askoz hobeto». Gimnasta gazte hauentzat, nahiz eta aparatu guztiak gustokoak izatea azpimarratu, oreka barra «mamu beltza» dela ematen du: «bertan oreka mantentzea oso zaila da».
Guztiak adosten duen beste gauza bat ikasketak eta entrenamenduak uztartzearena da, «eskolatik korrika atera, kotxean sartu eta ziztu bizian entrenatzera», «lentillak ditut entrenatzeko, eta kotxean bertan jarri behar ditut garaiz heltzeko!».