Hasi berri den ikasturtearekin batera, eskolaz kanpoko jarduerak itzuli dira ikastetxeetara. Urte eta erdi pasa da pandemiaren erruz ikasleek gustokoak zituzten kirol eta jarduerak normaltasunez egiteko aukera galdu zutenetik. Konfinamendu gogorrena igaro ondoren, eta jada zenbait lekutan jendeak elkartzeko aukera izaten hasi zuenean, haurrek, beren heziketarako eta ongi izaterako hain garrantzizkoa diren kirol eta kultura jardueretan jarduteko nahikotxo itxaron behar izan zuten. Eta azkenik aukera hori heldu zenean, burbuila taldetan eta neurri zorrotzekin izan zen.
Naia «Niri ez zitzaidan inporta, burbuila eta guztiz ondo pasa nuen. Hala ere, askoz hobeto orain, burbuilarik gabe. Gustatzen zait lehiatzea eta lehiaketaren inguruko saltsa€» dio Naiak, 10 urtekoa. San Prudencion ikasten du eta eskolaz kanpokoetan saskibaloian aritzen da, «irristaketa ere egiten nuen, baina pasa den kurtsoan ezin izan genuen egin», gehitzen du.
Iker «Pasa den ikasturtean zenbait gauza izan genuen, ikasgelaka, bakarka, bakoitza bere saskiarekin eta kontakturik gabe» dio Iker Ascensionek, San Prudencioko kirol koordinatzailea. «Kostatu zaigu, batez ere antolakuntza arloan. Hasieran murrizketekin ez genekien zer espero. Orain, protokolo leuna ikusita, askoz hobeto gabiltza»
Hugo Saskibaloi jokalariari, kimu mailekoa, burbuilarena nahiko txarto etorri zitzaion «justo aurreko urtean ikasgelaz aldatu gintuzten eta nire klasekide asko ez nuen ezagutzen. Beste batzuk ez ziren entrenatzera etortzen, birusari beldurragatik. Arraroa izan zen» kontatzen digu, eta ea orain pozik dagoen lehiatzera bueltatzean, erantzuten du: «Ez zait lehiaketa asko gustatzen, baina taldearekin bidaiak egitea eta partidetan sortzen den giroa, animatzen, abesten€ hori bai, asko gustatzen zait».
Izaro eta Abril burubelarri dihardute bere saskibaloi entrenamenduarekin. Bigarren urteko kimuak dira, eta biak kapitainak, «agobiatuta genbiltzan murrizketekin. Ez zegoen partidarik eta ikasten genuen teknika ezin genuen gero praktikan jarri» kontatzen digute. Ea zelan ikusten duten oraingo egoera galdetzean, argi daukate «jokatzeko gogoak geneuzkan. Orain askoz hobeto gaude, batuagoak. Partidak jokatzeak taldea indartzen du».
Nere Entrenatzaileen hausnarketa ildo beretik doa «Teknika hutsa izatean aspertu egiten ziren» esaten digu Nerek, saskibaloi entrenatzailea San Prudencion, eta «ez zuten sozializatzen eta oso zaila zen entrenatzea eta dibertitzea. Hala ere, gakoa zen zerbait egiten hastea. Orain pozik eta ilusioaz datoz, beren lagunekin jokatzera» bukatzen du.