Arabako Foru Aldundiak aurrekontu parte hartzaileen edizio berria jarri du martxan, 2027ko parte hartze prozesuaren deialdia egin eta proposamenak aurkezteko eta proiektu hautagarriak bozkatzeko egutegia eta formularioak onartzen dituen 25/2026 Foru Agindua Arabako Lurrealde Hisatorikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Herritarrek maiatzaren 8ra arte aurkez ditzakete proposamenak, eta ekainaren 22tik uztailaren 22ra bitarte parte hartu ahal izango dute herri bozketan.

Foru erakundetik adierazi dutenez, deialdi berriak jarraipena ematen dio demokrazia parte hartzaile, zuzen eta deliberatiboko tresna bati, Arabako herritarrei aukera ematen diena politika publikoen diseinuan, erabakian, gauzatzean eta jarraipenean inplikatzeko. Prozesu horren bidez, arabarrek beren udalerrien eta koadrilen beharrak eta lehentasunak helaraz ditzakete, eta gizarte babes handiena duten ekimenak Arabako Foru Aldundiaren urteko aurrekontuan sar daitezen lagundu.

Arabako aurrekontu parte hartzaileen lehen deialdia 2022an egin zen, eta, edizio berrian, eredu parte hartzailearen gida praktiko berri bat onartu du foru erakundeko gobernu bilerak, tramitazioa errazteko eta parte hartzea errazteko aldaketa txikiekin.

Onartutako egutegiaren arabera, herritarren proposamenak jasotzeko fasea maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik. Ondoren, proposamenak egiaztatu eta iragaziko dira maiatzaren 19ra arte, eta balorazio teknikoa eta ekonomikoa egingo da maiatzaren 20tik ekainaren 12ra bitartean. Aukera daitezkeen proiektuen zerrenda ekainaren 15ean argitaratuko da.

Herri bozketaren fasea ekainaren 22tik uztailaren 22ra bitartean egingo da, eta herritarrek lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuak aukeratu ahal izango dituzte. Bozketaren azken emaitzak irailaren 22an jakinaraziko dira. Ondoren, herritarrei itzultzeko fase bat irekiko da irailaren 23tik azaroaren 20ra bitartean, eta ebaluazio aldi bat eta hobekuntza proposamenak egingo dira 2027ko urtarrilaren 31ra arte.

Proposamenak erregistro fisiko edo elektroniko bidez aurkeztu ahal izango dira, gaitutako formularioen bidez, eta analisi fasea gainditzen duten proiektuak bozkatzeko ere balioko dute. Informazio guztia, egutegia eta beharrezko inprimakiak Arabako Foru Aldundiaren Gobernu Irekiaren Atarian egongo dira eskuragarri.

Arabako Aldundiak lurraldeko herritarrak, elkarteak eta erakundeak animatu ditu prozesuan aktiboki parte hartzera, beren proposamenekin Araba kohesionatuagoa, iraunkorragoa eta lurraldearen lehentasun sozialekin lerrokatuagoa eraikitzen lagunduz.