Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 2026ko bigarren seihilekoan hasiko ditu Armiñongo lotunea handitzeko bigarren faseko lanak, AP-1 autobideak eta Gasteizerako norabidean A-1 autobideak bat egiten duten gunea bi erreitik hirura handitzeko eta AP-1en azken zatiaren trazadura hobetzeko. Aurreikusitako inbertsioa 19,1 milioi eurokoa da.
Zehazkiago, foru erakundetuik jakinarazi dutenez, gobernu kontseiluak 19.121.322 euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta 30 hilabeteko gauzatze epearekin onetsi du obren lizitazioa astearte honetan, zirkulazioa xurgatzeko gaitasuna handitzeko eta egunero dozenaka mila ibilgailuk zirkulatzen duten gunean segurtasuna indartzeko asmoz.
Horrela, eta aurreikusitako egutegiaren arabera, obrak 2026ko bigarren seihilekoan hasiko dira eta bi bideek bat egiteko toki berria 2028aren amaieran jarriko da martxan. Proiektuak AP-1en enborra bi erreitik hirura handitzea aurreikusten du, Gasteiz/Irun noranzkoan, 1.500 metroko tarte batean.
Horretarako, Armiñongo lotunearen ekialdeko biribilgunearen gainean dauden bi zubiak aldatu beharko dira, eta AP-1en azken zatiaren trazadura indarrean dagoen araudira egokitu beharko da, 120 km/h-ko proiektu abiadurarako, eta bihurgunea eta kontrabihurgunea ezabatuko dira lehengo ordainlekuko zabaltzan. Gainera, obra horiekin, AP-1 eta A-1 errepideek bat egiten duten tokia hobetuko da, bost erreitik hirura murriztuz 1.500 metrotan zehar.
Obraak gauzatzean, Armiñongo lotunea handitzeko proiektua amaituko da. Lehenengo fasea 2024an eta 2025ean egin zen, eta 2025eko ekainean inauguratu zen, bost milioi euroko inbertsioa egin ondoren. Lehenengo fasean, errei batetik bira handitu zen A-1aren eta AP-1aren arteko lotura, Burgos-Madrilerako noranzkoan, gune horretan Aste Santuan eta udako oporretan sortzen ziren auto ilarak konpontzeko.
FINANTZAKETA
Armiñongo lotunea handitzeko bigarren fasearen kostu osoa Espainiako Gobernuak finantzatuko du osorik, lehenengo fasearekin egin bezala, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak 2022an Armiñongo lotunea handitzeko obrak bultzatzeko sinatu zuten hitzarmenaren arabera.
Hala, hitzarmenarekin bat etorriz, Arabako Foru Aldundia arduratuko da bi aldeek aldez aurretik itundutako ezaugarriak dituzten proiektu teknikoen idazketa izapidetzeaz, bai eta Araban eragindako ondasunen desjabetzea eta obren kontratazioa eta zuzendaritza izapidetzeaz ere.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak, aldiz, bere gain hartuko du obren finantzaketa osoa, bai eta proiektuen idazketa, laguntza teknikoak eta desjabetzeak ere. Bi faseetako guztizko inbertsioa 25 milioi euro ingurukoa da.