Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak premiaz esku hartzeko proiektu bat jarri du abian, Alberto Schommer Koch-en (1897-1981) erretratu bilduma babesteko, Euskal Herrian kontserbatutako argazki multzo garrantzitsuenetako bat baita.
2025aren hasieran, Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuko langileek alterazio zantzuak hauteman zituzten argazki negatiboen zenbait kutxatan azetatozko eta nitratozko plaken gainean. Mota horretako euskarrien degradazio kimiko bat da, azido azetikoa isurtzen duena eta narriadura horri izena ematen dion usain bereizgarria sortzen duena: "ozpinaren sindromea".
Prozesu horrek irudiak pixkanaka deformatzen eta distortsionatzen ditu, eta garaiz identifikatu behar da; izan ere, zuzenean eragindako negatiboei ez ezik, hurbileko materialei ere eragin diezaieke.
Bilduma horren eduki bisuala zaintzen dela bermatzeko eta ez aldatzeko, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kontserbazio proiektu bat jarri dute abian, 13.000 argazki plaka digitalizatzeko
Bilduma horren eduki bisuala zaintzen dela bermatzeko eta ez aldatzeko, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kontserbazio proiektu bat jarri dute abian, 13.000 argazki plaka digitalizatzeko.
Gainera, eragindako negatiboak Artxiboan instalatutako izozkailuetan biltegiratuko dira une oro. Zero azpiko 18 gradutan egonkortzeak azetatozko euskarrien degradazioa geldiarazten du eta etorkizunean irudia lehengoratzea ahalbidetzen du. Lortzen diren kopia digital guztiak 2026an zehar sartuko dira Photo-Araban, lurralde historikoko argazki ondarea zabaltzeko Arabako Artxiboaren atarian.
BILDUMA
Schommer Koch bilduma 1997an eman zion dohaintzan Alberto Schommer Garcíak Arabako Foru Aldundiari, eta 400.000 argazki negatibo inguru biltzen ditu; horien artean, nabarmentzekoa da 1928 eta 1976 bitartean egindako 80.000 estudio erretratu baino gehiagoko atala. Multzo hori lehen mailako iturri grafikoa da Arabako gizarteak XX. mendean, II. Errepublikatik frankismoaren amaierara arte, izan duen bilakaera aztertzeko.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, "Schommer Koch bilduma arabarren hainbat belaunaldiren ikusizko memoriaren zati ordezkaezina da. Ezinbestekoa da orain azkar jardutea, argazki ondare apart horren galera itzulezina saihesteko eta etorkizunean haren eskuragarritasuna bermatzeko".
Schommer Koch-en erretratu bilduma Photo-Araban: https://photo.araba.eus/s/photoaraba/item-set/11847