Síguenos en redes sociales:

Arabako kuadrillek eta udalerriek 60 jarduera baino gehiago antolatu dituzte A-25a dela eta

Antolatu diren jardueren artean, besteak beste, hitzaldiak, elkarretaratzeak, nesken topaketak, liburu eta komiki aurkezpenak, mahai inguruak, antzerkia, lantegiak, oinezko martxak eta zinea daude

Arabako kuadrillek eta udalerriek 60 jarduera baino gehiago antolatu dituzte A-25a dela etaPilar Barco

Arabako kuadrillek eta udalerriek 60 jarduera baino gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako LAIA Emakumeen berdintasunerako eta jabekuntzarako Arabako Lurralde Sarearen programazioaren barruan, azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta.

Arabako Foru Aldunditik gogorarazi dutenez, azaroaren 25eko kanpainarako Emakundek, aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak aukeratutako leloa 'Ez da zure arazoa, gurea da' da aurten. Leloaren bidez, herritar guztiei eskatu nahi zaie komunitatea sor dezatela indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan.

Gainera, kanpainak azpimarratzen du bi emakumetik batek indarkeria jasan duela Euskadin, eta, beraz, erantzukizun sozial, komunitario eta instituzionala dela indarkeria matxistaren biktimei arreta ematea eta entzutea.

Horregatik guztiagatik, Arabako kuadrilletan eta udalerrietan antolatutako jardueren programazioaren helburuak dira herritarrak kontzientziatzea indarkeria matxistaren garrantziaz eta larritasunaz, prebentzio ekintzak indartzea eta emakumeenganako errespetuan eta indarkeriarik gabe oinarritutako bizikidetza ereduak sustatzea.

Antolatu diren jardueren artean, besteak beste, hitzaldiak, elkarretaratzeak, nesken topaketak, liburu eta komiki aurkezpenak, mahai inguruak, antzerkia, lantegiak, oinezko martxak eta zinea daude.

Kuadrilletan antolatutako jarduerez gain, azaroaren 26an, Monica Ramos Toro Gizarte Antropologiako doktore, gerontologo feminista eta Unate Gizarte Taldeko koordinatzaile teknikoak hitzaldia emango du sarean (LAIAbirtuala), La violencia de género más invisibilizada: la que sufren las mujeres mayores izenburupean.