Síguenos en redes sociales:

Arabako Aldundiak amaitu ditu Eztarroako errepidea hobetzeko lanak, bost milioi euro inbertituta

Arabako Aldundiak amaitu ditu Eztarroako errepidea hobetzeko lanak, bost milioi euro inbertitutaUtzitakoa

Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak bukatu ditu Eztarroa parean A-3302 errepidea egokitu eta hobetzeko obrak, bost milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ostean. Esku hartzean galtzada handitu da, bide segurtasuna indartzeko eta etorkizuneko VIAP aeronautika industrialdera sartzeko bidegurutzea prest uzteko.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak obra amaierako bisita egin du asteazken honetan, Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin eta Eztarroa eta Uribarri Dibiñako administrazio batzarretako ordezkariekin batera.

Nabarmendu duenez, esku hartzeak "segurtasun handiagoa emango die inguruko herrietara joateko bide hori erabiltzen duten arabar guztiei, galtzada zabalagoa baita eta A-3302 errepidearen eta Eztarroako sarbideen arteko bidegurutzea hobetu baita, toki erakundeek eskatu ziguten bezala. Bidegurutze horretan ikuspena handiagoa da orain, eta seinaleak eta abiadura kontrolatzeko eta moteltzeko neurriak indartu ditugu puntu horretan".

Era berean, bere hitzetan, proiektuarekin "prest utzi dugu errepide horren eta Forondako aireportuaren ondoan egingo den VIAP aeronautika poligonoaren arteko bidegurutzea. Helburua da etorkizunean VIAPen garapenak ez kaltetzea A-3302 errepidea eta bide horretako zirkulazioa".

Proiektuaren barruan, Zayas ibaiaren gainean 30 metroko baoa duen zubi berri bat ere eraiki da, haren ahalmen hidraulikoa handitzeko eta inguruetan uholde arriskua murrizteko. Zubi berriak zubi zaharrak baino zabalera nabarmen handiagoa du

A-3302 errepidea egokitu eta hobetzeko obrak azken urte eta erdian egin dira Eztarroako bidegurutzearen eta A-3606 errepidearekiko elkargunearen artean, ia bi kilometroko tartean, bazterbiderik ez zuen tarte bateko bide segurtasuna handitzeko. Tarte hori taxututa zegoen moduan, gainera, erraz sortzen ziren ur putzuak, eurite gogor samarrak izanez gero. Horretarako, bideko plataforma sei metrotik hamar metrora zabaldu da: zazpi metroko galtzada bat eta 1,5 metroko bi bazterbide.

PROIEKTUA

Proiektuaren barruan, Zayas ibaiaren gainean 30 metroko baoa duen zubi berri bat ere eraiki da, haren ahalmen hidraulikoa handitzeko eta inguruetan uholde arriskua murrizteko. Zubi berriak zubi zaharrak baino zabalera nabarmen handiagoa du.

Azkenik, A-3302 errepidetik etorkizuneko VIAP aeronautika industrialdeko bide egituratzailerako hegoaldeko sarbidea prest geratu da, T formako bidegurutze baten bidez. Bidegurutzeak itxaroteko bi errei ditu erdian, ezkerretara biratzeko, eta azelerazio eta dezelerazio erreiak A-3302an sartzeko eta irteteko mugimenduetarako. Bide egituratzailearen zati txiki bat ere du, etorkizunean gauzatzeak eraginik izan ez dezan A-3302 errepidean eta horrek jasaten duen trafikoan.