Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Maeztu eta Elortza arteko A-3114 errepidea egokitzeko obrak amaitu ditu, 3,1 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren. Lanen helburua segurtasuna hobetzea izan da, Elortzako guneko galtzada zabalago, trazadura leunago eta oinezkoentzako ibilbide seguruago baten bidez.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak bertatik bertara ikusi ditu hobekuntza lanak astelehen honetan, Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin, Ana Asuncion Fernandez de Monje Arraia-Maeztuko alkatearekin eta Laminoriako Errege Haraneko administrazio batzarreko ordezkariekin egindako obra amaierako bisitan.

Nogalesek azaldu duenez, proiektu honekin "konponbidea eman diegu tarte estu eta bazterbiderik gabeko zati baten segurtasun arazoei, zona bereziki gatazkatsu batzuk baitzeuden, zabalera txikiari oso trazadura bihurgunetsua gehitzen baitzitzaion".

Egokitutako zati berria irekita dago jada, eta 1,5 kilometro inguruko luzera du. A-3114 errepidearen eta Maeztuko herrigunearen barruko A-132 errepidearen arteko elkargunean hasten da, Elortzara iritsi arte jarraitzen du, eta herria igaro ondoren amaitzen da, Pocilones haitzartea hasi aurretik.

BESTE DATU BATZUK

Egokitze lanak izan dira errepide zaharreko bazterbiderik gabeko 4,5/5,0 metroko plataforma handitzea 6 metroko zabalerako galtzada batera 0,50 metroko bi bazterbiderekin, bihurgune arriskutsuenak zuzentzea, eta Elortzako herrigunean espaloi berriak sortzea. Gainera, A-4145 errepidearekiko elkargunea hobetu da Aletxarako norabidean.

Orobat, esku hartzearen barruan bi zubi berri eraiki dira, bata, Berron ibaiaren gainean, eta, bestea, Igoroin ibaiaren gainean (Elortzako zubia), egungo azpiegituren ahalmen hidraulikoa nabarmen hobetuz.