Vital Fundazioak 94.760 europ bideratu ditu Arabako klubei, federazioei eta beste kirol erakunde batzuei ekipamenduen erosketan laguntzeko egin duen bigarren deialdira, hau da, aurrekoan baino %71 gehiago (orduan 55.375 euro izan ziren).
Vital Fundazioak jakinarazi duenez, aurkeztutako eskaeren %96 onartu du, eta horrela, 46 erakunderi baietz erantzun die, 2024an baino %70 gehiagori, hau da, guztira 10.391 fitxa, %88 gehiago. Klub horien %24k lehenengo aldiz jasoko dute Vital Fundazioaren laguntza.
Laguntza bakoitza 1.000 eta 4.000 euro bitartekoa da, fitxa kopuruaren arabera, eta oinarrizko kirolean, kirol herrikoian, talde inklusiboetan, eskola kirolean, 23 urtez azpiko kirolean eta senior mailan ari diren Arabako klubek, federazioek eta kirol erakundeek eskatu dituzte.
Era berean, haur kirolean sexu abusuen eta jazarpenaren gaineko protokoloak izatea eskatu zitzaien, baita kiroleko indarkeriaren aurkako protokoloak eta genero berdintasunekoak ere.
Laguntza bakoitza 1.000 eta 4.000 euro bitartekoa da, fitxa kopuruaren arabera
Deialdi honetako berrikuntza izan da, futbol kluben eskaerei dagokienez, Vital Fundazioak positibotzat jo duela 'Deportivity' edo 'Gurekin bat' programetan parte hartzea.
EKARPENA
Bada, Vital Fundazioaren ekarpenari esker, 46 kirol erakundek jokorako kamisetak eta prakak, entrenamendurako arropa, igerilekuko txanoak, txubaskeroak, txirrindularitzako arropa teknikoa edo kaskoak erosi ahal izango dituzte. Erosketak sektoreko enpresa arabar bati egin beharko dizkiote, eta erositako ekipamenduek erakunde eskatzailearen eta Vital Fundazioaren markak eramango dituzte.