Arabako Arte Eszenikoen Tailerrak prestakuntza eskaintza zabala eta askotarikoa eskainiko du 2025-2026ko ikasturtean adin guztietarako, eta matrikulazioa jarri du martxan. Berrikuntza nagusien artean, 'Inprobisazio teknikak' helduentzako ikastaro berria gehitu da.

Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, ikastaroen ohiko egiturari eutsiko dio datorren ikasturtean, adinaren eta mailaren arabera egokituta. Horrela, haur eta gazteen artean, prestakuntza hiru adin tartetan antolatu da: 3-5 urtekoak, 6-10 urtekoak eta 11-14 urtekoak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez lan egingo dute.

Gazteentzako antzerki taldeak ere antolatuko dira 15 eta 18 urte artekoentzat. Talde lana sustatuko da eta parte hartzaileek interpretazioaren eta norberaren sorkuntzaren aukerak aurkituko dituzte.

Era berean, helduak eta 15 urtetik gorako ikasleak elkarrekin arituko dira 'Antzerki musikala' ikastaroan, eta 'Hastapena' eta 'Aktore prestakuntza' ikastaroak mantenduko dira.

Matrikulazio eskaera www.tae.araba.eus webgunean egin behar da, eta epea irailaren 8an amaituko da. Onartuen zerrendak irailaren 9an argitaratuko dira, eta matrikula egiteko epea irailaren 10etik 16ra izango da. Ikasturtea urriaren 1ean hasiko da.

Arabako Arte Eszenikoen Tailerrak hainbat kuotatan ordain daitezkeen urteko tarifa publikoak aplikatzen ditu, eta murrizketak aurreikusten ditu zenbait kolektiborentzat, hala nola familia ugarientzat, langabeentzat, DSBEa edo BGDa jasotzen duten pertsonentzat, desgaituentzat edo genero indarkeriaren biktima diren emakume eta beren seme-alabentzat. Zalantzarik izanez gero, 945 28 45 42 telefonora dei tae@araba.eus helbide elektronikora mezua bidal daiteke.