Arabako Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak aurten ere "Alerta Goiztiarra" programa jarri dute abian. Ekimen hori erabat doakoa da, eta % 100 diruz lagundu da Arabako txikizkako merkataritzari bere salmenta puntua hobetzen, bezeroak erakartzen eta salmentak handitzen laguntzeko.
2016an abian jarri zenetik, 134 establezimenduri egin die mesede "Alerta Goiztiarrak", aholkularitza pertsonalizatua eta profesionala emanez negozio bakoitzaren behar espezifikoak identifikatzeko, ekintza plan zehatzak ezartzeko eta lehian daudenen aurrean nabarmentzeko. Aurten, programak 14 plaza eskaintzen ditu parte hartu nahi duten saltegientzat.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak azaldu du programa hori estrategia integral baten barruan dagoela, Arabako txikizkako merkataritzari laguntzeko eta babesa emateko "lehiakortasuna hobetzen, sustapenerako eta salmentarako teknologia berriak txertatuz, establezimenduak modernizatuz eta kudeaketarako tresna profesionalak erabiliz».
"Programa honetan parte hartzen duten negozioek analisi- eta plangintza-tresnak dituzte, negozioaren administrazioa optimizatzeko, merkataritza espazioa hobetzeko, eskaintza indartzeko eta, azken batean, bezeroak eta salmentak gehitzeko. Hori guztia adituen laguntzarekin eta aholkularitzarekin", gaineratu du.
"Alerta Goiztiarra" programak lau fase nagusi ditu:
- Hasierako diagnostikoa: aditu baten bisita establezimenduaren egungo egoera aztertzeko eta hobetzeko aukerak detektatzeko.
- Neurrirako ekintza plana: ibilbide orri argi eta pertsonalizatua ematea, epe labur eta ertainean saltegia sustatzeko.
- Exekuzioan laguntzea: etengabeko aholkularitza eta euskarri teknikoa, telefonoz, linean edo aurrez aurre, identifikatutako arloetan espezializatutako adituekin.
Azken ebaluazioa: negozioaren bilakaera aztertzea eta ezarritako ekintzen eragina neurtzea.