Arabako Aldundiak 1,7 milioi euroan esleitu ditu Amurrioko adinekoentzako egoitza handitu eta eraberritzeko lanak
Sei hilabeteko epea egongo da lanak gauzatzeko, zuinketa egiaztatzeko akta formalizatzen den egunetik aurrera
Arabako Foru Aldundiak Amurrioko Armuruko San Anton adinekoentzako egoitza handitu eta eraberritzeko obrak lizitatu ditu berriro, lehen lizitazioa hutsik geratu zelako, 1.735.572 euroko aurrekontuarekin, hau da, hasierako zenbatekoa baino %25 gehiago. Sei hilabeteko epea egongo da lanak gauzatzeko, zuinketa egiaztatzeko akta formalizatzen den egunetik aurrera.
Foru arduradunen arabera, obren helburua da erantzun hobea ematea adineko erabiltzaileen premiei, gaur egungo egoiliarrek 1990ean zentroa eraiki zenean baino mendekotasun handiagoa dutelako, mugikortasun arazo gehiago dituztelako eta eremu irekiagoak behar dituztelako joan-etorriak errazteko.
Bada, 39 plaza dituen Amurrioko egoitzaren lanek beheko solairua handituko dute hegoaldean. Horrela, egongela-jangela zabalagoa izango da eta sarbide nagusiaren ondoan espazio berria sortuko da, bisita gela izateko egungo beharrari erantzuteko.
Era berean, zirkulazio eta komunikazio espazioak berrantolatuko dira, gelei erosotasun eta pribatutasun handiagoa emanez. Sukaldearen eta egongela-jangelaren arteko zuzeneko lotura berreskuratuko da, eta igarobide atari berri bat sortuko da. Handitzen den zatiaren sabaiari esker terraza bat sortuko da lehenengo solairuan.
Lekuz aldatu edo egokitu behar diren espazioak berrantolatuko dira, hala nola ile apaindegia eta podologia, errehabilitazio gela, bulegoa eta bilera gela. Horiek guztiak beheko solairuan bateratuko dira.
Gainera, oraingo igogailu hidraulikoaren ordez beste igogailu mekaniko bat jarriko da, eta beheko solairuko komunak indarreko irisgarritasun araudira egokituko dira. Azkenik, eraikinaren eraginkortasun termikoko baldintzak hobetuko dira. Guztira, handitutako azalera 300 metro koadrokoa izango da.