Gasteiz eta Logroño lotzen dituen Alavabusen 9 linearen eskaintza hobetuko da asteazkenetik, apirilaren 16tik, udako ordutegia jarriko delako martxan. Horrela, urriaren 31ra bitartean, 16 bidaia izango dira egunero astelehenetik larunbatera eta 14 igande eta jaiegunetan.
Gainera, linea horretako autobusek Arabako Mendialdeko ibilbideak ere egingo dituzte, eta Urizaharra, Bernedo, Oion, Iekora eta Ventas de Armentian geldituko dira, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Alavabuseko Gasteiz-Logroño lineak bi eskaintza desberdin ditu urtean zehar: neguko ordutegia azaroaren 1etik apirilaren 15era, eta udakoa apirilaren 16tik urriaren 31ra. Linearen udako ordutegia 2024an indartu zen, AR03 Arabako Errioxa emakidaren kontratua aldatuz, bidaia, maiztasun eta plaza gehiago izan zitzan.
Horrela, asteazkenetik aurrera, Gasteiz-Logroño lineak 16 bidaia izango ditu egunero noranzko bakoitzean astelehenetik larunbatera, eta 14 igande eta jaiegunetan. Autobus gehienek N-124 errepidetik egingo dute ibilbidea (Las Conchas), eta Guardian, Lezako ospitalean, Samaniegon, Abalosen eta Bastidan geratuko da; bidaietako batzuetan Herrera eta Bernedoko mendateetatik ere pasatuko dira.
Ildo horretan, autobusek Arabako Mendialdeko ibilbidea egingo dute urriaren 31ra arte, besteak beste, Urizaharra, Bernedo, Oion, Iekora eta Ventas de Armentiari zerbitzua emanez. Zehazki, lanegunetako bidaietako lautan Herrerako mendatetik igaroko dira autobusak, eta geldialdia egingo dute Urizaharrean, eta bi bidaiatan Bernedoko mendatetik igaroko dira, eta izen bereko herrian geldituko.
Era berean, Trebiñuri, Urizaharrari eta Bernedori zerbitzua ematen dieten 16 Trebiñu Ekialdea, 17 Trebiñu Mendebaldea, 20 Urizaharra eta 21 Bernedo eskualde mailako garraio lineen ordutegiak Alavabuseko 9 lineako udako ordutegira egokituko dira.
Bestalde, Alavabuseko Gasteiz-Lagran 7 lineak ere udako ordutegia izango du asteazkenetik. Zerbitzu eskaintza murriztu egingo da 9 linea Arabako Mendialdetik igarotzearen ondorioz, eta, hortaz, lau bidaia izango dira egunero, astelehenetik ostiralera, nahiz eta horietako bitan Lagranera arteko ibilbidea egingo duten autobusek.
Asteburuetan, garraio publikoaren bidezko lotura 9 lineak eta Eskualdeko Garraio Zerbitzuak egiten dute. Zerbitzu horri esker, 9 linea erabil daiteke Gasteizera edo Arabako Errioxara eta Logroñora joateko. Lau bidaia egiten ditu noranzko bakoitzean.