Gasteizko Udaleko gobernu bilerak auzo elkarteei diru laguntzak esleitzea onetsi du ostiral honetan, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, urtean zehar auzoen dinamizazioa eta partaidetza soziala bultzatzen duten proiektuak egin ditzaten, eta guztira, 240.000 euro banatuko ditu 25 kolektiboren artean (24 auzo elkarte eta federazio bat).
Zehazkiago, bakoitzak 1.743 eta 15.000 euro artean jasoko ditu, aurkeztutako proiektuen arabera, eta laguntza ekonomikoaz gain, Gasteizko Udalak doan lagatako lokalak ere baliatzen dituzte kolektibook.
Aurten, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak diru laguntzen deialdia beste urte batzuetan baino lehenago aurkeztu du, "elkarteei euren proiektuak egiteko eta lana errazteko denbora gehiago emateko".
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi arduradunak azaldu duenez, "euren proposamenek parte hartzea dinamizatzeko, gizarte kohesioa suspertzeko, jokabide zibikoak bultzatzeko, integrazioa sustatzeko eta auzoetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburua betetzen dutelako jasotzen dituzte laguntza horiek" auzoetako kolektiboek.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganberako musikako zikloaren denboraldi honetako azken kontzertua izango da larunbatean, maiatzaren 31n, eta Barrococo taldeak eskainiko du, 'Antzinakoa gogora ekarriz' izenburupean.
Antolakuntzak jakinareazi duenez, taldeko bederatzi musikarietako zortzi Euskadiko Orkestrako kideak dira: Anne-Marie Harmat (biolina), Itziar Prieto (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Oscar Diago (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Anne Charlotte Lacroix (fagota) eta Marianne Tauzin (tronpa). Vincent Planes pianistak osatzen du taldea.