Eusko Ikaskuntzak euskalgintzako eta euskal erakunde eta administrazioetako ordezkariak bildu ditu berriki Baionan, Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrena beteko denean, 1948ko VII. Biltzarraz geroztik ezarri baitzuen abenduaren 3a izango zela ospakizunerako data, eta euskara eremu guztietan presente egon ahal izateko aukera eraikitzen lagunduko duten “politika sendoak” eskatu ditu.
Hala, eta ildo horretatik, jardunaldiaren lehenengo zatian ekitaldi instituzionala egin zen. Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidentea eta Baionako auzapeza, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan ziren bertan; Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza lehendakariak eta Claude Mehats Ipar Euskal Herriko arduradunak parte hartu zuten.
Urkizak Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurreneko Adierazpena irakurri zuen. Testuak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuteneko testuingurua ekarri zuen gogora, Espainiako Estatuan jazarpena pairatzen ari zenean. “Hala ere, Eusko Ikaskuntzak euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutzera emateko egindako deia errealitate bihurtuko zen euskal diasporako komunitate askotan hurrengo urtetik aurrera, 1949tik aurrera”, esan zuen. Adierazpenak dioenez, 75 urte geroago, askoz ere egoera hobean, “1949ko izpiritu hura baliokoa da gaur egun ere” eta “euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen du”.
Halaber, euskararen erabateko normalizaziorako eta dagokion tokia betetzen jarrai dezan, abenduaren 3ko ospakizuna bultzatzera deitu zuen Eusko Ikaskuntzak, euskaraz bizitzeko nahiaren erakusgarri. Horretarako, euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar direla adierazi zuen.
Era berean, berdintasunezko gizarte bat eraikiko bada, euskara eremu guztietan presente egon ahal izateko aukera eraikitzen lagunduko duten “politika sendoak” eskatu zituen. Irakurketa amaituta, erakundeetako ordezkari guztiek Adierazpena sinatu zuten.
Jardunaldiaren bigarren zatian mahai ingurua egin zen Nola trinkotu eta saretu euskal hiztunen komunitatea izenburupean, eta euskalgintzako eragile nagusienetako batzuek hartu zuten parte, hain zuzen, Xan Airek (Plazara), Jasone Mendizabalek (Euskaltzaleen Topagunea), Idurre Eskisabelek (Euskalgintzaren Kontseilua), Peio Jorajuriak (Seaska) eta Ihintz Olidenek (AEK), Xalbat Alzugarayk (Eusko Ikaskuntza) moderatuta.
Topaketa
Topaketaren bidez, Eusko Ikasuntzak ahotsa eman zien euskara biziberritzeko prozesuan inplikatutako eragileei, eta, bakoitzak bere esparruan duen zeregina eta eragina aztertuta, euskal hiztunen komunitatea integratzeko eta sendotzeko eragile bakoitzak dituen erronka eta oztopoetan jarri zen arreta.
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta herritarren hizkuntza eskubideen bermea, euskararen balioa eta ez instrumentalizatzearen garrantzia, eta euskara elkarbizitzarako eta kohesiorako elementu gisa planteatzea izan ziren eztabaidaren ardatz nagusiak. Azkenik, erakundeek eta gizarteak euskararen sendotzean eta biziberritzean duten erantzukizuna jarri zuten mahai gainean parte hartzaileek.
Bestalde, Arrate Illaro Etxebarriak egindako Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentua atxikitzea eta pertsonen motibazioari eustea (faktoreak, indarguneak eta erronkak) izenburuko lanak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria (2.000 euro). Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen dituzte Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak, euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza sustatzeko.
Era berean, arloko ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremura biltzea ere bilatzen dute. Sariaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, Arrate Illaro Etxebarriaren ikerlanaren arabera, enpresa zuzendaritzaren eta giza baliabideen kudeaketa estrategikoaren teoriek argi adierazten dute langileen motibazioa, ezagutza eta jarrera gakoak direla erakundeek beren helburuak bete ditzaten.
Xehetasunez
Jardunaldia. Jardunaldiaren lehenengo zatian ekitaldi instituzionala egin zen. Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidentea eta Baionako auzapeza, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Polimtikarako sailburuordea izan ziren bertan; Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza lehendakariak eta Claude Mehats Ipar Euskal Herriko arduradunak parte hartu zuten. Urkizak Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurreneko Adierazpena irakurri zuen. Testuak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuteneko testuingurua ekarri zuen gogora, Espainiako Estatuan jazarpena pairatzen ari zenean. “Hala ere, Eusko Ikaskuntzak euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutzera emateko egindako deia errealitate bihurtuko zen euskal diasporako komunitate askotan hurrengo urtetik aurrera, 1949tik aurrera”, esan zuen. Adierazpenak dioenez, 75 urte geroago, askoz ere egoera hobean, “1949ko izpiritu hura baliokoa da gaur egun ere” eta “euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen du”.
Euskara. Euskararen erabateko normalizaziorako eta dagokion tokia betetzen jarrai dezan, abenduaren 3ko ospakizuna bultzatzera deitu zuen Eusko Ikaskuntzak, euskaraz bizitzeko nahiaren erakusgarri. Horretarako, euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar direla adierazi zuen.