Izaskun Arrue Kulturguneak ostegun honetan zabaldu ditu ateak Gasteizen. Dagoeneko egin dira lehenengo jarduerak, eta abuztura bitartean, bisita gidatuak, haur eta gaztetxoei zuzendutako lantegia eta jaietako jarduera, deialdiak eta irekiera ekitaldia bera antolatu dituzte.
"Izaskun Arrue Kulturgunean euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar dugu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren. Euskaraz jakin edo ez jakin, guztientzat irekita egongo da, euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera", adierazi zuten arduradunek aurkezpen prentsaurrekoan.
Modu honetan, eta bi urteko atzerapenarekin bada ere, Izaskun Arrue Kulturgunea irekiko da. Izan ere, Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gorabeherak behin gaindituta, ekainean zehar urte honetako hitzarmena sinatu dute bi aldeek eta elkartea 2023ko zuriketari egotzitako zorra ordaintzen hasi da. Modu honetan, Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxearen proiektuak aurrera egin ahal izan du.
Bestalde, Lazarraga Kultur Elkarteak Ruiz de Bergara jauregiaren giltzak eskuratu dituen momentutik, lantaldea eraikinera lekualdatu da eta hasierako egunak espazio eta egoera berriari neurria hartzen aritu da. Fase berri honetan elkarteak etorkizuneko pausuak ondo zehazteari ekin dio, "gogotsu eta indarberrituta".
Ibilbide berri honetan, lehenengo geldialdia irekieran egingo du elkarteak, Lazarraga Kultur Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunea lehenbailehen irekitzeko data zehaztu ahal izan baitu azkenean, eta ostegun honetan egingo du irekiera ekitaldia. Hortik aurrera, gutxika, programazio anitza erakusten hasiko da.