Aurrenerabeen eta gazteen oporraldiaren eta garai honetan izaten diren tokiko jaien, jaialdien eta udako beste ekitaldi batzuen hasierarekin batera, Arabako Foru Aldundiak berrogeita hamar prebentzio ekintza antolatu ditu 12-18 urte bitartekoentzat udako hilabete hauetarako, bat etorriz Adikzioen Prebentzio Komunitariorako IV. Foru Planean ezarritako helburuen ildotik.
Jarduera horiek dira, besteak beste, gazteekin jai guneetan zuzenean esku hartzea, alkoholari eta beste droga batzuei buruzko informazio karpak, substantzia estupefazienteen analisia, ostalaritzako profesionalei edari alkoholdunen banaketa arduratsuari buruzko informazioa ematea eta, aurten, berrikuntza gisa, ludopatiak prebenitzeko "escape room" bat egitea.
Horrela, asteburu honetatik aurrera, Guardiako jaiak hasten direnetik urriaren lehen hamabostaldira bitartean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Prebentzio Komunitarioko zerbitzu teknikoak zenbait ekintza gauzatuko ditu hainbat udalerritako jai eta aisialdi guneetan, edari alkoholdunen eta beste substantzia batzuen kontsumoari buruzko informazioa emateko eta arriskuak murrizteko. Guztira 51 esku hartze egingo dituzte Añanako, Aiarako, Gorbeialdeko, Guardia-Arabako Errioxako, Arabako Mendialdeko eta Arabako Lautadako kuadrilletan.
Jardueren artean, aurten, berritasun gisa, "escape room" ibiltari bat egongo dela nabarmendu behar da, abuztuan herriz herri ibiliko dena (Guardia, Eltziego, Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion, Langraiz Oka, Ribabellosa, Murgia, Maeztu, Santikurutze Kanpezu, Dulantzi, Araia eta Agurain). 14-15 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago eta pista ibilbide bat amaitu beharko dute. Ibilbide horren bidez, metodologia ludiko eta parte hartzaile batekin, ludopatien eta apustuen prebentzioari buruzko mezuak jasoko dituzte. "Escape room" hori herri horietako udal igerilekuetarako sarbideen inguruetan kokatuko da. Talde bakoitzean 5-6 pertsona inguru egongo dira gehienez; beraz, baliabide egokia da gazte taldeek hartaz gozatu ahal izateko.
Beste datu batzuk
Uda honetan ere Preben-Jaia programa izango da: Santikurutze Kanpezuko eta Artziniegako jaietan, Navaridasen egingo den mahats bilketaren jaian eta Agurainen karpak jarriko dituzte, eta bertan, nahi duenak alkoholemia testa egin ahal izango du, eta, gainera, drogei buruzko informazioa egongo da eskuragarri.
Info-Drogak programaren bidez, informazio guneak jarriko dira hainbat herritako jaietan, drogen testak eta analisiak egiteko. Programa horrek beste prebentzio ekintza batzuk ere baditu, gazteei informazioa helarazteko substantzien kontsumoak dituen osasun arrisku nagusiei buruz edo sexu transmisiozko gaixotasunen prebentzioari buruz.
Uda honetan errepikatuko den beste programa bat Preben-Gazte izenekoa da. Programa horren helburu nagusia jaien aurretik eta jaietan 12 urtetik gorako gazte talde eta kuadrillekin zuzenean jardutea da, jokabide ez-osasungarri eta arriskutsuen arriskuak murrizteko informazioa emanez eta horiei buruz sentsibilizatuz, hala nola tabakoaren, alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoari buruz, babes neurririk gabeko sexu harremanei buruz, eta jokabide oldarkorrei edota bortitzei buruz. Honako udalerri hauetan egingo da: Guardia, Eltziego, Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion, Uribarri Gaubea, Zambrana, Langraiz Oka, Espejo, Ribabellosa, Luiaondo, Ondategi, Legutio, Murgia eta Izarra.