Ganbera Zikloa udaberri honetan itzuliko da Vitoria-Gasteizera, abonamenduko 7 kontzertuko proposamenarekin. Guztiak ‘Jesus Guridi’ Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira, igandetan, 12:00etan, apiriletik urrira bitarte, eta Carlos Seco izango da zuzendari artistikoa.
Zehazki, hauek dira hitzorduak:
Apirilak 14: Magna Boskotea
Maiatzak 19: A. Bruckner, 7. Sinfonia, Diego Martin Etxebarriak zuzendutakoa – Camerata Gasteiz
Maiatzak 26: Euskadiko musikari gazteak lehiaketan saridunen kontzertua
Ekainak 9: G. Fauré. Requiema – Samaniego abesbatza – Aitor Olea, organo
Irailak 8: Olatz Ruiz de Gordejuela, biolin – Andoni Mercero, biola – Salvador Bolón, biolontxelo
Urriak 13: Ander Perrino, kontrabaxua – Jarkko Riihimäki, pianoa
Urriak 27: Goldberg Project
Proiektu honen helburua da Gasteizko musika-programazioa aberastea eta tokiko musikei ikusgarritasuna ematea, proiektu berriak garatzen lagunduta. Gainera, ziklo honek beti oso kontuan izan du belaunaldien arteko erreleboa. Horretarako, bakarlari gazteen emanaldiak programatu izan ditu, eta eskarmentu handiko musikariekin batera taldetan parte-hartzea bultzatu. XIII. edizio honetan, beste urrats bat eman nahi dute ‘Guridi Gazteak’ programarekin. Horren bidez, musikako ikasleak aurkeztuko dituzte. Kontzertu bakoitzaren hasieran arituko dira, preludio gisa, karteleko artisten aurkezpena eginez.
“Ganbera Zikloa Gasteizko musika arloko agendan sartuta dago duela hamar urte baino gehiagotik; hamarkada bat baino gehiago darama kontzertu interesgarriak proposatzen eta bertako musikariak bultzatzen. Konbinazio horri esker, galdu ezinezko hitzordua da ziklo hau”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.