Síguenos en redes sociales:

Aldundiak BAT txartela pertsonalizatzeko kanpaina ibiltari bati ekingo dio gaur Laudion

Maiatza arte lurraldeko eskualde guztietako 12 udalerritatik pasatuko da

Aldundiak BAT txartela pertsonalizatzeko kanpaina ibiltari bati ekingo dio gaur LaudionUtzitakoa

Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak BAT txartela pertsonalizatzeko guneak gaituko ditu martxoan, apirilean eta maiatzean, lurralde historikoko eskualdeetako hamabi herritan. Kanpaina ibiltari hori gaur hasiko da Laudion, eta hurrengo asteetan kuadrilla guztietatik pasatuko da.

Zehazki, Laudioz gain, Amurrion, Oionen, Guardian, Bastidan, Agurainen, Dulantzin, Langraiz Okan, Ribabellosan, Legution, Murgian eta Santikurutze Kanpezun egongo da.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuaren esanetan, "Arabarrei izapide hori egiteko erraztasunak eman nahi dizkiegu ekimen horren bidez, eta, horrela, Alavabuseko eta eskualde garraioko txartelean % 72ra arteko hobaria ematen duen deskontu sistema progresiboa erabiltzeko aukera eman". Nogalesek nabarmendu duenez, BAT pertsonalizatuan oinarritutako sistema horrek saritu egiten ditu garraio publikoa gehien erabiltzen duten pertsonak.

"BAT txartel pertsonalizatua dutenek honako deskontu hauek izango dituzte 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera: hilean 1-20 bidaia eginez gero, % 62ko deskontua; hilean 21-50 bidaia eginda, % 67ko deskontua, eta hilean 51 bidaia baino gehiago egiten badituzte, % 72ko deskontua", azaldu du Nogalesek.

Foru Aldundiak, sistema berria abian jarri aurretik, BAT txartela pertsonalizatzeko kanpaina bat abiarazi zuen, Gasteizko Autobus Geltokian aldi baterako bulego bat irekiz, foru garraioaren erabiltzaileek izapide hori egin ahal izan dezaten. Bulego hori otsailaren 29ra arte egongo da zabalik, Antso Jakitunaren kaleko tranbiaren bulegoak eman ohi duen zerbitzua osatzeko.

Martxoaren 1etik aurrera, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak BAT txartela pertsonalizatzeko kanpainaren bigarren fasea garatuko dugu, eta, horretarako, pertsonalizazio guneak gaituko ditu lurraldeko eskualde guztietako herri nagusietan, izapide hori Arabako bazter guztietara hurbiltzeko eta, horrela, arabar guztiei deskontu progresiboko sistema berria erabili ahal izatea errazteko.

Zehazki, herri hauetan gaituko ditu pertsonalizazio guneak Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak: Laudio eta Amurrio Aiaran; Oion, Guardia eta Bastida Arabako Errioxan; Agurain eta Dulantzi Arabako Lautadan; Langraiz Oka eta Ribabellosa Añanan; Legutio eta Murgia Gorbeialdean; eta Santikurutze Kanpezu Mendialdean. Eta hau izango da egutegia:

Laudion (udaletxea): martxoaren 1ean, 4an eta 5ean.

Amurrion (kultura etxea): martxoaren 7an, 8an eta 11n.

Oionen (udal zinema): martxoaren 13an, 14an eta 15ean.

Guardian (gazte zentroa): martxoaren 19an, 20an eta 21ean.

Bastidan (kultura etxea): martxoaren 25ean, 26an eta 27an.

Agurainen (udaletxea): apirilaren 3an, 4an eta 5ean.

Dulantzin (kultura etxea): apirilaren 9an, 10ean eta 11n.

Langraiz Okan (udal artxiboa), apirilaren 15ean, 16an eta 17an.

Ribabellosan (Verde gizarte eta kultura etxea): apirilaren 19an, 22an eta 23an.

Legution (kultura etxea): apirilaren 25ean, 26an eta 30ean.

Murgian (udaletxea): maiatzaren 2an, 3an eta 6an.

Santikurutze Kanpezun (kultura etxea): maiatzaren 8an, 9an eta 10ean.