Osakidetzako Arabako ESIak martxoan aterako du lehiaketara Gasteizko Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitaleko D eremua handitzeko lanen lizitazioa, Zerbitzu Orokorretako eraikin berria amaitu ondoren -104 milioi euroko inbertsioarekin-.
Lan horien barruan aurreikusten da D eremuko hiru solairu eraberritzea eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako sarbide berria egitea. Lanon lehen faseak 15.700.000 euroko inbertsioa izango du eta 18 hilabete iraungo ditu, Osakidetzatik jakitera eman dutenez.
Aurreikuspenen arabera, obrak bigarren seihilekoan hasiko dira, eta Erradiodiagnostiko (1. solairua), Odol Bankua eta Errehabilitazioko Gimnasioak (2. solairua) eta Akutuen Dialisirako Unitate berria, Prebentzio Medikuntza eta Prebentziorako Oinarrizko Unitatea (3. solairua eraberrituko dira. Gainera, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako aldi baterako sarbidea ezarriko da, eta horrela, proiektua handitzeko fasearen hasieran, egungo sarrera eraitsi ahal izango da.
Eraberritze hori amaitutakoan, lanen bigarren fasean D eremua handituko da eta, horretarako, 70 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da. Eraikin berri horretan kokatuko dira Medikuntza Nuklearra, Ospitaleko Erradiofisika eta Onkologia Erradioterapikoa; Anatomia Patologikoa eta aldagelak; Erradiodiagnostikoa (lehen faseko instalazioak osatuko dira) eta Erresonantzia Magnetikoa; Kardiologia, Digestio, Pneumologia, Urologia, Ginekologia eta Obstetriziako proba osagarriak; Ginekologia eta Obstetriziarako bi ospitaleratze unitate; Etxeko Ospitalizazioa, Ahoko eta Aurpegi Masailetako Kirurgiako eta Neurofisiologia Klinikoko proba osagarriak eta bloke kirurgikorako administrazio eremua; Farmazia Zerbitzua handitzea eta guardiako medikuentzako gelak. Bi faseetako obrak amaitutakoan, D eremuak guztira 35.000 metro koadroko azalera izango du.