M Benito Pírizen ‘Travieso’ da 2023ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdiaren baitan Montehermoso Kulturuneak aukeratutako eta aurten aurkeztuko dituzten lau proiektuetako lehenengoa.

Benito Pírizen eskulturak laneko beharren arabera konbinagarriak eta ordezkagarriak diren piezek eta mekanismoek osatzen dituzten gailuak direla esan dezakegu. Halaxe gertatzen da gazteen hiri-kulturaren munduan ere (horixe da, hain zuzen ere, bere jardunbide artistikoaren funtsezko osagaietako bat). Izan ere, berriak sortu ahala, joerak iraungi egiten dira mundu horretan. Hiri-kultura horri lotuta sortu da ‘Travieso’ lana; zulatutako gorputz baten eta haren emaitza estetikoaren azterlana.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik azaldu dutenez, sortu den pieza bat zulatzeko edo aldatzeko, eta porrotera gerturatuz, emaitza posiblea hondatzearen beldurraren ideia da hemen oinarria. Helburua da konformismoa haustea, bihurrikeria bat egitea, gomazko edo likrazko piezak zeharkatzea haien forma eraldatu ahal izateko. Horrenbestez, erakusketan formatu handiko piercing-ak egongo dira ikusgai. Gomekin eta aparrekin egindako gorputen gainean izaera estrukturala hartuko dute eta, hala, apaingarria edo osagarria elementu esktruktural eta saihetsezin bihurtuko da.

Erakusketa Montehermoso Kulturuneko garai bateko Ur Deposituan egongo da ikusgai urtarrilaren 19tik martxoaren 10era bitarte. Bihar, urtarrilak 19, ostirala, inauguratuko dute, 19:00etan, eta bertan izango da artista.