Aste honetan ALHAOn argitaratu da Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean partikularrek sustatutako kultura ondare higiezina kontserbatu eta/edo zaharberritzeko esku hartzeetarako dirulaguntzen deialdia, zeina Kultura eta Kirol Saileko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak kudeatzen baitu.
Dirulaguntza hori duela hiru urte sortu zen A Planarekin, eta laugarren urtez jarraian egiten da deialdia, 145.000 eurorekin eta 30.000 euro arteko laguntzekin eskatzaile bakoitzeko.
Ana del Valen ustez, “hori izan zen bere garaian A Planaren berritasun nagusietako bat. Horri esker, 33 partikular diruz lagundu ahal izan ditugu hiru urtean. Jarduketa horiekin, gure ondarea zaintzeaz gain, ondare arkitektonikoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko sektorea ere sustatzen dugu”.
Eskaera honela aurkez daiteke:
Bitarteko elektronikoen bidez, esteka honen bidez: https://egoitza.araba.eus/es/-/subvenciones-intervenciones-conservacion-restauracion-patrimonio-cultural-inmueble-particulares, edo
Aurrez aurre, Arabako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean edo 39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein modutan.
Baldintzak:
Higiezinak babestuta eta/edo katalogatuta egon behar du.
Jarduketa 2024an zehar gauzatu behar da.
Laguntzaren eskatzaileak ondasun higiezinaren jabea izan behar du.
Diruz lagun daitekeen zenbatekoa:
Dirulaguntza ez da inola ere 30.000 eurotik gorakoa izango eskatzaile bakoitzeko.
Kultura eta Kirol Sailaren ekarpena ez da inbertsioa egin ondoren guztira izan den kostuaren ehuneko 50 baino handiagoa izango.
Hurrengo faseetan jasotako dirulaguntzen baturak ez du inolaz ere gaindituko higiezin bakoitzeko 60.000,00 euroko zenbatekoa.
Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 7an amaituko da
Deialdiaren hiru edizio
Lehenengo urtean, 2021eko dirulaguntzara 30 eskaera aurkeztu ziren. Azkenean, 13 eskaerari eman zitzaien dirulaguntza. Diruz lagundutako ondasunak honako hauek izan ziren, besteak beste: Gesaltza Añanako Zambrana-Herrandarren Jauregia, Gesaltza Añanako Sutegia, Lantenoko Indianoaren Etxea, Gesaltza Añanako Errege kaleko eraikin multzoa, Arespalditzako Atxa Jauregia, Gasteizko Aiztogile kaleko 40. zenbakiko eraikin bat edo Murgako Arakio auzoko baserri bat.
2022an 37 eskaera aurkeztu ziren, eta 7 partikularri eman zitzaien dirulaguntza. Diruz lagundutako ondasunetako batzuk honako hauek izan ziren: Indianoaren Etxea, Lantenoko Mota auzoan; Atxa jauregia, Arespalditzan; Zambrana-Herrandarren Jauregia, Gesaltza Añanan; Aiztogile kaleko etxebizitza bat, Gasteizen; La Lana baserria, Zuhatzan; edo Arrieros baserria, Amaritan.
2023an 38 eskaera aurkeztu ziren, eta 13 partikularri eman zitzaien dirulaguntza. Diruz lagundutako ondasunetako batzuk honako hauek izan ziren: Atxa jauregiko kapera, Arespalditzan; Arrieros etxea, Amaritan; Bastidako Frontín kaleko Jauretxea; harresiari atxikitako etxea, Gatzaga Buradonen; Puente Farmaziaren barruko pinturak, Gasteizen; eta hainbat etxe, Guardian, Armiñonen, Markizen eta Orbison.