Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak urrian hasi zuen hiriko bidegorri-sarean semafororik gabeko bidegurutzeak gorriz seinaleztatzeko lanak eta guztira 23 bidegurutze margotu dituzte. Gehienak, 12, Madril kaleko bidegorrian daude, eta gainerakoak Zurbanoko Atearen eta Ballester Apezpikuaren kalearen artean. Bidegurutze horietako gehienak amaituta daude eta beste batzuei bizikleten ikurrak jartzea falta zaie.

Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziak azaldu duenez, “puntu horiei ikusgarritasun handiagoa emateko eta txirrindulari, oinezko eta gidari guztien segurtasuna hobetzeko asmoz egin dituzte lan horiek. Lanek iraun duten hiru hilabeteotan, intersekzioen gurutze horiak gorriz margotu dituzte eta neurri horiekin jarraitzeko asmoa dute bide-segurtasuna indartzeko seinaleztapen ezberdina behar duten bidegurutze guztietan.

Hurrengo hilabeteotan, beraz, Sailak margotze-lan horiekin jarraituko du.

Bestalde, 2024ko hasieran iritsiko da Gasteizera “Green light” proiektua, adimen artifizialaren bidez zirkulazioaren arintasuna hobetzeko esperientzia pilotua. Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Google-rekin adostutako hitzarmenari esker, enpresa hori garatzen ari den AAk hiriko zirkulazioa aztertuko du. Ondoren, semaforoen erregulazioan aldaketak egiteko proposamenak egingo ditu koordinazioa hobetu eta, ahal den neurrian, itxarote-denborak gutxitu ahal izateko.

Hiriko bidegurutzeetako geralekuetan igorritako negutegi-efektua duten gasak 29 aldiz ugaritzen dira abian den zirkulazioak sortzen duen kutsadurarekin alderatuta. Arazo hori arintzeko asmoz, Google Maps eta Waze aplikazioen erabilerak sortzen duen datu-bolumena aztertzen da, geldialdi handieneko goiko datuak detektatuz eta puntu horietan zirkulazioa arintzeko proposamenak jasoz. Bidegurutzeen multzo batean gomendioak aplikatzeak “semaforo berdeen uhina” izenekoa sor dezake. Horrek hobekuntza nabarmena ekarri ohi du ibilgailuen joan-etorrian.