Arabako Foru Aldundiak “zero isurpen” etiketa duten beste zazpi ibilgailu hibrido entxufagarri eta 100 % elektrikoa den ibilgailu bat gehitu ditu bere ibilgailuen multzora, foru langileek beren lan jardunean erabil ditzaten. Erakundearen ibilgailu elektrikoen kopurua hirukoiztu egin da soilik urtebetean, eta hogeita lau dira guztira orain: hiru elektriko huts, hemeretzi ibilgailu elektriko hibrido entxufagarri eta bi hibrido arrunt.
Zazpi ibilgailu hibrido entxufagarri berri, Foru Erakundeak 2023an erositako teknologia bereko bederatzi ibilgailuei gehitzen zaizkienak. Lur orotako ibilgailuak dira, JEEP markako Renegade modelokoak, lau gurpiletako trakzioa dutenak eta “zero isurpen” ingurumen bereizgarria, eta 50 kilometro inguruko autonomia elektrikoa dute eta erregai kontsumo txikiak.
Gainera, foru ibilgailuen artean turismo elektriko huts berri bat ere bada, Dacia markako Spring Extreme Electric modelokoa, 65 CV eta 300 kilometroko autonomia dituena.
Foru Aldundiaren eraikinen eta ibilgailu multzoaren energia eraginkortasuna hobetzeko abian jarritako estrategian kokatu du Cristina González Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak zortzi ibilgailu horien erosketa. “Ibilgailuak energia eraginkortasuneko irizpideen arabera berritzen jarraituko dugu, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak sartuz, ahal den neurrian eta betiere zerbitzuko beharrak kontuan hartuta”.
“Aurten, milioi erdi euro baino gehiago erabili ditugu batez besteko oso adin handia duen ibilgailu multzoa berritzeko eta nabarmen handitzeko ibilgailu elektriko huts eta hibridoen kopurua. Izan ere, urtebete eskasean, hirukoiztu egin dugu elektrifikatutako ibilgailu kopurua, eta era horretako zazpi ibilgailu izatetik hogeita lau izatera pasatu gara”, gaineratu du.
Ibilgailu elektriko entxufagarrien kopurua handitzearekin batera, kargagailuen sarea handitu da foru instalazioetan. Arabako Foru Aldundiak hamazortzi kargagailu berri jarri zituen iaz. Hortaz, guztira 37 kargagunek osatzen dute sarea orain.
Kargagailuek eta “zero isurpen” ingurumen etiketa duten ibilgailuek dirulaguntza jaso dezakete EAEn EEEk kudeatzen duen Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko mugikortasun elektrikorako pizgarrien MOVES III Programaren esparruan.